DonostiaINN enpresa berritzaileen sariak banatu dira

Bunt Planet eta Viralgen izan dira irabazleak

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
DonostiaINN enpresa berritzaileen sariak gaur banatu dira, Berrikuntzaren Astearen barruan. Bosgarren edizioan, Bunt Planet enpresa izan da saritua enpresa finkatuen kategorian, eta Viralgen enpresa gazteen kategorian. Besteak beste, honako hauek baloratu dituzte:
  • Berrikuntzaren aldeko apustua
  • Ikuspegi orokorra
  • Hiriarekin duen lotura

Sariak banatzeko ekitaldia gaur egin da, urriaren 30ean, Berrikuntzaren Astean, Donostiako Maria Cristina Hotelean. Bertan izan dira Eneko Goia Donostiako alkatea, Ekonomia Bultzatzeko zinegotzi Marisol Garmendia eta Ekonomia Sustapeneko diputatu Imanol Lasa.

Marisol Garmendia Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak adierazi duenez, “sari horien asmoa da balioa ematea eta aitortza egitea Donostian berrikuntzaren aldeko apustua egiten duten enpresei. Bunt Planeten jardueran ikus dezakegu, software ingeniaritzan berrikuntzaren eta teknologiaren aldeko apustuaz gain, berrikuntza erraztea bezalako alderdi gako bat. Bere gaitasunen bitartez, bere zerbitzuak jasotzen dituzten enpresei prestakuntza eta gaikuntza espezifikoa ematen die, bereziki maila industrialean, jasangarritasunaren eta uraren kudeaketaren alorrean. Modu jasangarrian kudeatzeko gaitasunaren eta berrikuntzaren aldeko apustuaren adibide garbia da, gure hiriaren errealitatea ondo islatzen duena. Viralgeni dagokionez, oso denbora laburrean erakutsi du bere apustua dela Donostian eta Gipuzkoan potentzial handia duen proiektu baten adibide garbia. Garbi dago bioteknologiaren edo biozientzien sektorea aukera handiko sektorea dela gure hirian, enpresa gazteak sortzen ari baitira haren inguruan. Argi daukagu lagundu egin behar zaiela, Donostia Sustapenak egiten duen moduan, hainbat instrumentu eta programaren bitartez. Harvardek Viralgen aukeratu du COVIDarentzako txerto bat fabrikatzeko, eta duela gutxi Bayer multinazional alemanak eskuratu du enpresa. Horrelakoek indartu besterik ez dute egiten bere potentziala eta epe laburrean hazteko aukera, horrek gure hiriarentzat dakarren guztiarekin”.

Finkatutako enpresen berrikuntza saria


Bunt Planet Donostian finkatutako enpresa bat da, orain dela 20 urte sortutakoa, eta ur galerak prebenitzeko softwarea garatzen espezializatua. Software ingeniaritza garatzeaz gain, enpresei beren proiektuetarako arkitektura eta teknologia egokiena hautatuz softwarea garatzeko taldeentzako gaikuntza eskaintzen die.

I+G+b-an egiten duten ahaleginaren erakusgarri da patenteen zorroa, zeinaren inguruan egituratzen eta garatzen duen bere enpresa jarduera, baita berrikuntzaren alorrean jasotako sariak ere.

Enpresa gazteen berrikuntza saria


Viralgen Askbio eta Columbus Venture Partnersen arteko enpresa bateratu gisa sortu zen. Hamarkadetako esperientzia biltzen du, teknologian eta hainbat plataformatako medikamentuen garapenean, terapia genikoaren merkaturako zerbitzu eskaintza hobeak bultzatzeko. 2017an sortu zen, terapia genikoak fabrikatzeko beharra ase gabe zegoelako, bizitzak salbatzen dituzten terapia horietarako sarbidea handitzen laguntzeko eta mundu guztian osasunaren eta gizakiaren ongizatearen bidean urratsak egiteko.

WeekINN-en balantzea


Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak, Marisol Garmendiak, nabarmendu zuenez, “egoera eta testuinguru latz honetan, pozgarria da ikustea Berrikuntzaren Astea egin ahal izan dugula, edukia eta formatua bera egokituz Garrantzitsua iruditzen zitzaigun hiri gisa ditugun erronken aurrean espazio bat eskaintzea hausnarketarako, ezagutzarako eta konexiorako, bertan laguntzeko egin beharreko lan horretan, eta gure bizi eta lan ereduaren oinarri berriak garatzen, beti ere pertsonak erdigunean jarriz. Eta horixe egin dugu, formatu digital berriak garatu ditugu, eta haien bidez hedatu eta bizi ahal izan ditugu bizi dugun superaldaketa honi aurre egitera bideratutako ideiak partekatzeko esperientziak eta topaketak. Jarduera guzti-guztiak egin ahal izan dira, orain dela gutxi alarma egoera ezarri zela-eta segurtasun eta osasun protokoloak are zorrotzago ezarri arren. Parte hartzaile ugari izan ditugu, eta asebetetze maila handia izan da haien artean. WeekINN honen bidez, ziurrenik bide bat eta formatu batzuk zabaldu ditugu, aukera emango digutenak herritarrekin, enpresekin eta eragile guztiekin hobeto konektatzeko, ikasteko eta aurrera egiteko proiektuak garatzeko gai izateko, egungoa bezalako paradigma aldaketa batean, presente genituen joera batzuk azkartzen diren honetan, esaterako, WeekINN honetan protagonista izan den mailakako digitalizazioa”.

Erlazionatutako dokumentuak

2020/10/30-an argitaratua