Santo Tomas Feria, berdintasuna eta jasangarritasunaren alde

Donostiak 195 postu izango ditu auzoetara zabalduko den ferian

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako Santo Tomas azokak programazio zabala izango du aurten ere, eta emakumeak paper garrantzitsua izango du abenduaren 21ean egingo diren pala, esku-pilota eta aizkolarien txapelketen emakumezkoen modalitateen bidez.

10:00etatik 21:00etara, hirian dozenaka jarduera eta lehiaketa egingo dira: Donostialdeko eztia, barazkiak eta frutak, txistorra, txorimaloak... Horietaz gain, haurrentzako jolasak Zuloaga plazan edo erromeria Bulebarreko kioskoan ere egingo dira.

Santo Tomas Eguna (Abe 21): aldaketak TAOn, Dbusen,...


Edizio guztietan bezala, azokak protagonista handi bat izango du, Ximona txerria, eta 10:00etatik 20:00ak arte egongo da ikusgai Konstituzio plazan. Bere inguruan, 54 saltokik ohiko taloak, txistorra, gazta eta bestelako artisau-produktuak eskainiko dizkiete bisitariei.

Hori izango da azokaren erdigunea, baina batera 195 postu izango dira, hainbat elkarteren bidez hirian zehar banatuko direnak. Aurten, San Tomas azoka Ibaeta, Intxaurrondo, Morlans, Amara Berri, Amara Zaharra, Antigua, Txofre edo Loiola auzoetara iritsiko da.

Jai jasangarriak


Donostiako Udalak lanean jarraitzen du jaiak garbiagoak eta jasangarriagoak izan daitezen. Horretarako, 45.000 edalontzi berrerabilgarri eta txistorra eta talo postuetarako olioa biltzeko bidoiak jarriko dira, edukiontzien zerbitzua indartzeaz gain.

Gainera, ingurumena zaindu eta hondakin gutxiago sortzeko beharrari festa giroa emateko trikitixa ibiltari bat antolatu da Erdialdeko eta Alde Zaharreko kaleetan beira biltzeko.

2019ko Egitaraua

2019/12/13-an argitaratua