Donostiak gorroto-istiluetan jarduteko protokoloa du

Tresna honen helburua da diskriminazio edo indarkeria aurrean ematen den erantzun instituzionala indartzea

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako Udalak gertakari arrazista, xenofobo eta ijitoen eta LGTBI+ pertsonen kontrakoen aurrean jarduteko protokoloa aurkeztu du gaur. Tresna horren bidez, gorrotoak eragindako diskriminazio- edo indarkeria-egoeretan ematen den erantzun instituzionala indartu nahi da.
Gorroto gertakarien aurrean jarduteko udal protokoloa

Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburu batean onesten den ezaugarri horietako lehen protokoloa da, eta, beraz, Donostia hiri aitzindarietako bat da horrelako gertakariei prebentzioaren eta koordinazioaren ikuspegitik heltzeko mekanismo instituzional espezifikoak ezartzen.

Sorginlore Elkarteak egin du protokoloa 2025. urtean, kontsulta-prozesu baten bidez. Prozesu horretan, udaleko osoko bilkurako alderdi guztietako ordezkari politikoek, inplikatutako udal-arloetako teknikariek eta hiriko gizarte-ekintzako hirugarren sektoreko profesionalek eta aktibistek parte hartu dute.

Iñigo García Villanueva Aniztasuneko eta Inklusioko zinegotziak nabarmendu du oso garrantzitsua dela diskriminazio-jarrerei aurre egiteko tresna argiak izatea: "Protokolo hau pauso garrantzitsu bat da erakundeek gorroto-istiluetan ematen duten erantzuna hobetzeko. Donostia hiri plurala eta irekia da, eta Udalak elkarbizitza babesteko eta edonor hemen seguru eta errespetuz bizi ahal izango dela bermatzeko erantzukizuna du".

Berritasun gisa, erantzun instituzional bat jasotzen du, epai judizialen mende egongo ez dena eta gorroto-zantzuen aurrean aktibatuko dena; eremu digitala txertatzen du; intzidenteak salatzeko edo komunikatzeko sarbide-kanalak zabaltzen ditu, eta justizia errestauratiboaren aldeko apustua egiten du, kasu arinetan. Gainera, Udalak agente aktibo gisa duen zeregina indartzen du, gertakari horien aurrean adierazpen publikoak eta ekintza komunitarioak egitea barne.

Jarduera-ildoak

Protokoloak hiru jarduera-ildo nagusi ditu:
  • Prebentzioa, prestakuntzaren, sentsibilizazioaren eta kanpainen bidez.
  • Esku-hartzea, faseka egituratutako prozedura bati jarraituko diona eta udalaren, poliziaren eta gizarte-zerbitzuen arteko koordinazioarekin gauzatuko dena.
  • Erreparazioa, biktimari arreta indibiduala ematera eta bizikidetza komunitarioa berreskuratzera bideratua.

Oro har, ikuspegi-aldaketa bat dakar: delituan soilik oinarritutako erantzuna eman beharrean, gorrotoa fenomeno sozial gisa jorratzen duen estrategia zabalago batean oinarritzen da, biktimen babesa eta gizarte-kohesioa lehenesten dituena.

Protokoloa, gainera, dokumentu bizia izango da, eta aplikatu ahala berrikusi eta egokitu daiteke. Ildo horretan, lehen bertsio honen helburua ez da behin betiko erantzunak ematea, baizik eta prozesu progresibo bati ekitea, jarrera diskriminatzaileei ematen zaien erantzun instituzionala hobetzeko.

Erlazionatutako dokumentuak

2026/03/23-an argitaratua