Haurtxokoak eta Gaztelekuak ikasturte amaierako prest

Bidebieta, Gros eta Martutenen ekainaren 23an ospatuko dituzte ikasturte amaierako jaiak, eta Intxaurrondon auzoko jaietan parte hartuko dute 30ean.

Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Donostiako Haurtxokoek eta Gaztelekuek ekainaren 30ean ateak itxiko dituzte irailera arte. Hori dela eta, ikasturte amaierako ekintzetan murgilduak daude dagoeneko. Horren erakusgarri, Bidebieta, Gros eta Martutenen ekainaren 23an, ostiralean, ikasturte amaierako jaiak ospatuko dituzte, era berean auzo horietan antolaturik dauden San Juan bezperako ekitaldiekin bat eginez.

Bidebietako Haurtxokoak Allende Parkean (euria eginez gero frontoian) eramango ditu aurrera ekintzak 17:00etatik aurrera. Honakoak antolatu dituzte: ludoteka kalean, ginkana bustia, merendola eta ipuin kontalaria. Bidebietako Gaztelekuak, bere aldetik, Bidebieta parkean ospatuko du festa 17:00etatik aurrera, eta programazioan nerabeek ekimen anitzak topatuko dituzte: 2x2 basket txapelketa, parkour gunea, dantza gunea, merendola eta sari banaketa. Euria egingo balu, ekintzak Gaztelekura eta bere inguruetara bideratuko lirateke.

Groseko Haurtxokoak eta Gaztelekuak Katalunia plazan antolatu dute jaia (euria eginez gero Okendo Kultur Etxean). Horren barruan, Haurren Gunea (5-11 urte) egongo da, ekintza anitzekin: puzgarriak, joko interaktiboak, paraxutarekin jolasak, ball caught, hula-hop, diaboloak... Gazteen Gunean (12-17 urte), bestalde, honakoak aurkituko dira: mahai futbol erraldoia, ski lasterketa eroak, twister erraldoia, urban kurling... Amaitzeko, 19:00etan, haur, nerabe zein helduek, ohiturari jarraituz, apar festaz gozatzeko aukera izango dute.

Martuteneko Haurtxokoak, Gaztelekuak eta Etxarriene Auzo Etxeak jaia 16:30etik aurrera ospatuko dute Arantzazuko Ama ikastolaren jolastokian. Bertan, ekitaldi sorta apartaz gozatu ahalko dute haur eta nerabeek: zoorbing, ur jolasak, birziklaturiko kartera tailerra, txiki-txokoa, merendola eta globoak askatzea. Kasu honetan ere, ohiturari jarraituz, apar festarekin emango zaio amaiera ekimenari.

Azkenik, Intxaurrondoko Haurtxokoak eta Gaztelekuak Intxaur Jaietako programazioaren barruan egingo dute ikasturte amaierako jaia, ekainaren 30ean.

Ongi pasatzeko eta gozatzeko aukera ezin hobea dugu Haurtxokoek eta Gaztelekuek antolatutako ikasturte amaierako ekintzekin!

2017/06/22-an argitaratua