Merkataritza Sarien 3. edizioan Almacenes Arenzana eta Pukas Surf izan dira irabazle

Arenzanak Ibilbide Komertzial Sendotua kategorian izan da irabazle, eta Pukas Surf Saltoki Berritzailearen kategorian

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Getaria kalean dagoen Almacenes Arenzana, SM saltoki enblematikoa, 1900. urtean sortua, artelazkiak, sokak eta eratorriak saltzen aritzen dena, izan da Merkataritza Eguneko sariaren irabazlea Ibilbide Komertzial Sendotua kategorian; Saltoki Berritzailearen kategorian, berriz, saria Pukas Surf enpresak eskuratu du, surf oholak fabrikatzen 1973. urtean hasitakoak. Ekonomia Bultzatzeko, Merkataritzako, Ostalaritzako eta Turismoko Zinegotzigoak ematen dituen sariak gaur, ekainak 22, osteguna, banatuko dira, Merkataritza Egunaren galan, Donostiako Maria Cristina Hotelean.

Saridunak Teresa Cormenzana buru duen epaimahaiak emandako epaiaren bidez hautatu dira, eta azken astean iritsitako proposamenak aztertzerakoan alderdi ezberdinak kontuan hartu ditu. Ernesto Gasco alkateordeak ondorengoa adierazi du: "Merkataritza Sarien hirugarren edizio honetan, saltoki txikien papera saritu nahi dugu; saltoki tradizionalena edo familiakoena, hain zuzen ere". Urteetan zehar izandako ibilbide historikoa eta profila ez ezik, maila orokorrean lehiatzeko berrikuntza eta erreferentziazko saltoki bilakatzeko gaitasuna ere baloratu dira".

Ibilbide Komertzial Sendotuaren saria Almacenes Arenzanari ematerakoan, kontuan izan da familiako enpresa izatea (lau generazio arduratu dira) eta saltokia bera itxura fisiko aldetik aldaketa handirik egin gabe bere horretan mantentzea. Horrez gain, merkatuaren eskaera berriak estaltze eta handizkako merkatura irekitze aldera, artikulu berriak sartzeko gaitasuna aintzat hartu da, kalean bertan artatzeko gaitasunarekin batera. Epaimahaiko kideentzat, Arenzana erakarpen-zentroa da turistentzat eta bisitarientzat, hiriko ikur propioa. Ernesto Gascok honako hau esan du: "enpresa gai izan da kalitatezko produktu eta lehengaiekin lan egiteko, eta segmentu oso bereiztuan aritzeko, horri esker baita saltokia berezia eta errepikaezina".

Bestalde, Saltoki Berritzailearen saria Pukas Surf enpresarentzat izan da, hau ere familiako enpresa, Donostian oinarria duena, errendimendu altuko surf oholak ez ezik, eskuz egindako bikiniak ere fabrikatzen dituena, ikuspegi orokorra tokiko ezagutzarekin nahastuaz. Diseinua eta berrikuntza beti kontuan izan ditu familiak, bai surf oholak diseinatzerakoan, bai bainujantziak, oholen azalak, e.a. egiterakoan. Familiako negozio honek berrikuntza bezeroaren esperientzia bilakatu du eta berrikuntza-prozesuak produktu egin ditu; onarpen handiko marka da.

Orain arte, Oiartzungo lantokian egin dituzte ohol modernoenak nazioarteko adituekin elkarlanean eta bezero zorrotzeenentzat. Gainera, diseinatzaile ospetsuek Pukas Surf enpresarekin lan egiten dute sektoreko jantzirik puntakoenak eta egungoenak asmatzearren. Enpresa Europako liderra da surf oholen fabrikazioan, eta, gaur egun, nazioarteko zirkuituko surflari handien babeslea da. Ernesto Gasco alkateordearen ustez, "Pukas Surf, enpresa berritzailea eta komertziala da, nazioartean saltzen den produktua edukitzeko eta toki-mailan erreferentea izateko gai dena. Aurten, gainera, Oiartzungo lantokian sute izugarria izan ondoren, bidezkoa iruditu zaigu saria ematea Donostia markarekin identifikatzen den saltokiari".

2017/06/22-an argitaratua