Udalak Amara Berrik auzoa birpentsatzeko Partaidetza Plan bat agindu du

Plana 12 astean egingo da: auzoaren gaur egungo egoera eta defizitak aztertuko dira

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Auzoak eta Herritarren Partaidetza saileko zinegotzigoak Amara Berriko Espazio Publikoak Aktibatzeko eta Hobetzeko Plan bat egin dadila agindu du. Donostiako alkateorde Ernesto Gascoren hitzetan, “Amara da hiriko auzorik jendetsuena, eta espazio publiko asko ditu, hala nola plazak eta parkeak, baina beharbada espaziook ez daukate horrelako jendegune handi bati berez dagokion adinako bizitza. Hori dela eta, gaur egungo egoeraren diagnostikoa egin nahi dugu auzotarrekin batera, eta beharrezko hobekuntzak eta neurriak ezarri nahi ditugu Amara Berri auzoa biziberritu dadin eta bizilagunak sozializatzeko espazio publikoak erabil ditzan”.

Paisaje Transversal enpresari agindu zaio plana, 18.000 euroan, Auzoetako zinegotzi Duñike Agirrezabalagak jakinarazi duenez. “Enpresa horrek aurretik ere egin ditu lanak hirian; zehazki, Egia auzoan eta Amaran bertan, non merkataritza biziberritzeko azterlan bat egin baitzuen. Beste hainbat udaletarako ere lan egin du: Gasteiz, Kordoba, Madril, Malaga eta Zaragoza, besteak beste”.

Espazio Publikoa Hobetzeko Plana



Espazio Publikoa Hobetzeko Planean esku hartuko dute Amara Berriko bizilagunek, erakunde soziokulturalek, auzotarren elkarteek, auzoko ikastetxe publikoek eta eragile ekonomikoek (Super Amara, Arcco, Merkatarien Federazioa, DendaSS, Shopss San Sebastián...).

Plana 12 astean egingo da: auzoaren gaur egungo egoera eta defizitak aztertuko dira, auzotarren beharrak eta nahiak identifikatuko dira, eta estrategia eta egin beharreko lanak zehaztuko dira.

Ernesto Gascok adierazi du "plan hau eztabaidatu eta osatzeko antolatu den partaidetza prozesua “osoa eta berritzailea” dela. “Zenbait bilera egingo ditugu auzoko elkarteekin, inkestak egingo ditugu, parte hartzeko ibilbideak antolatuko ditugu eta proposamenen mapa bat osatuko dugu esku hartu nahi duten amaratar guztiekin batera”.

Zehazki, Duñike Agirrezabalagaren arabera, “hasierako fasean bilera bat egingo da Udalarekin, jarduketaren esparrua eta planaren mugak definitzeko. Gero, partaidetza prozesu bati ekingo diogu, kalean inkestak eginez. Leku finko batzuk ipiniko ditugu Madrid etorbidean, Isabel II.a etorbidean eta José María Salaberria kalean; horrez gain, puntu ibiltari bat auzoan zehar ibiliko da auzotarren iritzia jasotzen. Elkarrizketak egingo zaizkie eragile estrategikoei, eta parte hartzeko tailer batzuk ere antolatuko dira”.

2018/07/16-an argitaratua