Donostiak 2019ko Europa Saria jasoko du

Europako Kontseiluak europar eraikuntzan hiriak duen inplikazioa saritu du

Inprimatu
Whatsapp ikonoa




Europako Kontseiluak Donostiari eman dio 2019ko Europa Saria. Urtero Europaren eraikuntzaren balioak zabaltzen dituzten hiriei eskainitako saria, hain zuzen ere. Strasbourgen gaur egin den Legebiltzar Batzarrean iragarri dute Donostiari emandako saria.

Donostiako alkateak, Eneko Goiak, bere poza azaldu du, sari honek “Donostiak Europaren eraikuntzan duen konpromisoa eta inplikazioa azpimarratzen dituelako”. Goiak esan duenez, Europako Kontseiluaren errekonozimendua “ibilbide luze baten onarpena da, gure hiriak aspaldian egin duen Europa justu eta solidario baten aldeko apustua sarituz. Bide honek mugarri batzuk izan ditu, tartean 2016an bizitako Europako Kultur Hiriburutza”.

Donostiako hautagaitza dossier baten bidez aurkeztu zen, baita bideo baten bitartez ere, non donostiar zein atzerriko herritarrek hiriak bultzatu eta barreiatzen dituen balioak azaltzen dituzten.

Europako Kontseiluak hiri bati ematen dion saririk garrantzitsuena da honakoa, eta Europako 47 estatuen artean banatzen da. Europako ametsaren promozioan bereziki aktiboak diren hiriak saritzen ditu.

Donostiako alkateak azpimarratu du Europako Sariak “Kontseiluak ezinbestekotzat jotzen dituen hainbat alorretan hiriak egin duen lana” errekonozitzen duela, besteak beste elkartasuna, europako hirien arteko lankidetza eta Europako balioen defentsa (demokrazia, giza eskubideak eta eskubide estatua).

Donostiak europar eraikuntzan lan egiten duela agerian utzi du, baita beste hiri askorekin lankidetza ugari dituela nabarmendu ere. Aldi berean, hainbat programa eta erakundeen bitartez elkartasun ekimenetan duen presentzia ere aitortzen ditu sari honek.

Erlazionatutako dokumentuak

2019/04/11-an argitaratua