#DonostiaHitzetan. Zein da euskarazko zure hitzik kuttunena?

Donostiarrei erronka polit bat proposatuko zaie: argazki, bideo edo modurik sortzailenean, beraien euskarazko hitz kuttunena partekatzea

Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Zein da euskarazko zure hitzik kuttunena?

Parteka ezazu zure hitza, Donostia bisitatu ezin dutenek, hiria beste modu batera ezagutu dezaten. Gure bereizgarri nagusienaren bidez: euskara.

Une zailak eta ziurgabetasun handikoak bizi ditugu. Garrantzitsuena, orain, ospitaleetan dago. Elikadura dendetan, farmazietan edo autobusetan lanik egin behar ez dugunok, arduraz, etxetik ez irtetea da egin dezakegun gauzarik onena.

Uste dugu #etxeangeratu ez dela bateraezina bidaiatzearekin. Modu askotara bidaiatu daiteke, baita hitzen bidez ere. Musutruk, zerumuga, bizilagun… euskaraz hitz asko ditugu, gure kulturaz eta gure izaeraz hitz egiten dutenak. Hitz horiek gure hiria beste modu batera erakusteko ahalmena dute, Euskararen bidez, eta gainera, betiko gida turistikoetan erakusten zaila den errealitate bat begi bistan jartzen dute.

Eta horixe proposatzen dizugu: argazki batekin, bideo batekin edo bururatzen zaizun modurik sortzaileenean, zuretzat esanahi berezia duten euskarazko hitzak partekatzea. Hiztegi bat sortu nahi dugu hitz kuttun edo berezi horiekin eta munduko txoko guztietara helarazi.

Zure hitza partekatzeko, nahikoa duzu #DonostiaHitzetan traola-rekin argazki edo bideo bat igotzea Twitter, Facebook edo Instagramen, edo whatsapp-eko zenbaki honetara bidaltzea, +34 607 187 462. Eta, gainera, 3 pertsona izendatzen badituzu eta gu etiketatu, hobe.
Parte hartzen duzuen guztien artean “Arbaso- Narru Esperientzia” bat zozketatuko dugu:
  • Afaria Narru jatetxean
  • Gau bat Arbaso hoteleko premium geletako batean
  • Dastatzeko gosaria Narru jatetxeko kafetegian

"A City Word Visiting" kanpaina




Donostia Turismoak eta Udaleko Euskara Zerbitzuak kanpaina turistiko berezia jarri dute martxan. Helburua da Donostia bisitatu ezin duten pertsonek hiria beste modu batera ezagutzea, hots, gure bereizgarri nagusiaren bidez: euskara.

Kanpainak 2 fase izango ditu: Lehenengoan, donostiarrei kanpainan parte hartzera animatuko zaie eta etxean geratu behar diren garai hauetan, erronka polit bat proposatuko zaie: argazki, bideo edo modurik sortzailenean, beraien euskarazko hitz kuttunena partekatzea #DonostiaHitzetan traolarekin.

Horrela, bigarren fase batean, donostiar guztien artean bildutako hitzekin bideo eta hiztegi berezi bat sortuko da, Donostia eta euskara munduan erakusteko, "A City Word Visiting" lemapean. Informazio gehiago: sansebastianturismoa.eus/acitywordvisiting

2020/04/02-an argitaratua