Kontxako pasealekuko espaloia metro bat eta lau metro artean zabalduko da

Bigarren Mendeurreneko Balkoia eta Antiguako Tunelaren artean

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du Kontxa pasealekuko kostaldeko horma, Bainu Errege Etxearen eta Antiguako Tunelaren artean, konpontzeko eta handitzeko proiektua egiteko obraren kontratuaren esleipena. Eta kontratua Obras Especiales Edificación e Infraestructuras enpresari esleitu dio, eta 1,4 milioi euroko kostua izango du.

Donostiako alkate Eneko Goiak azaldu du, lan hauek proiektuaren lehen faseari dagozkiola, eta Bigarren Mendeurreneko Balkoiaren eta Antiguako Tunelaren arteko zatian egin beharreko obrak direla. Eta bertan, segidako lanak egingo dira: boladizo berria, 200 metroetan baranda aldatu, eta pasealekuaren drainatze-sistema aldatu.

Boladizo berriak 40 metroko luzera izango du, Bigarren Mendeurreneko Balkoian hasiko da eta tunelera iritsi aurretik amaituko da. Bertan, espaloia metro bat eta lau metro artean zabalduko da, eta horretarako hormigoi armatuko estruktura eraikiko da. Helburua da, pasealekua lerrokatzea eta egun dagoen iskina kentzea. Horrenbestez, boladizoak hegal handiagoa izango du Antiguako tunelaren ondoan, eta pixkanaka txikitzen joango da Bigarren Mendeurreneko Balkoira iritsi arte.

Enpresa esleipendunak 8 hilabeteko epea izango du lehen zati honetako lanak egiteko.

Learritza bidea


Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du bizikletentzako eta oinezkoentzako bidea egokitzeko proiektua Learritza pasealekua erabili behar ez izateko, eta era berean, Usurbilgo Udalarekin sinatu beharreko hitzarmena lan horiek egiteko.

Proiektuak 239.056 euroko aurrekontua du eta helburua honakoa da: Zubieta auzoko Learritza pasealekuak egun duen arriskua gutxitzea. Pasealeku horrek Zubieta eta Usurbilgo Santu Enea auzoa lotzen ditu, eta bertatik, bizikletak, oinezkoak eta ibilgailuak - horien artean Lasarte-Zubieta T6 autobus zerbitzua - joaten dira.

Hortaz, proiektuak aurreikusten du inguruan beste bide bat egitea oinezkoentzat zein bizikletentzat. Eta bide hori Petriza bidetik Arkaitz Erreka ubidea zeharkatzen duen zubiraino joango da. Era berean, Learritza pasealekuaren seinaleak hobetuko dira.

Arteleku plaza


Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du, segidako kontratua esleitzeko espedienteari hasiera ematea: Txomineneako Arteleku Plaza egiteko proiektua idazteko kontratua.

Proiektuaren idazketak honakoa kontuan hartu beharko du: 2018ko ideien lehiaketako proiektu irabazlea, eta lehiaketara aurkeztu ziren 14 proiktuak aztertzeko auzotarrekin egin ziren jardunaldietako ondorioak.

Horrenbestez, Arteleku Plazako proiektuaren idazketak honakoa kontuan izan beharko du: natura inguruaren eta auzoak behar dituen instalazioen arteko oreka izatea; gune berde eta asfalto gutxikoa izatea, betiere, lorategiei eta kanpoaldeko guneei protagonismoa emanez; plaza zabala izatea, hain zuzen ere, erabilera ezberdinak eta hainbat ekitaldi egiteko aukera emango duen plaza (danborrada, San Tomas...); eta aurreikusita dauden ekipamenduetara - gutxi gorabehera 7.600 m2 - sarrera bi aldetatik izatea.

Plazak, halaber, haurrentzako parkea izan behar du, eta bertan gune estali bat egon behar du eguraldi txarra egiten duenean disfrutatzeko. Gainera, gune libreak izan behar ditu eserlekuekin eta atsedena hartzeko tokiekin, eta kirola egiteko zein helduek ariketa fisikoak egiteko guneak izan behar ditu.

Plazak guztira gune publikoko 4.946 m2 izango ditu, eta zuzenean lotura izango du Ibai parkearekin Txomineneako auzo berriko kale nagusiaren bidez.

Txominenea BOE


Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du, IZA Obras y promociones S.A enpresari baimena ematea Txominenean 146 BOE eraikitzeko. Eusko Jaurlaritzak auzo berrian egiten duen lehen promozioa da, eta gehienez hiru urteetan amaituta egon behar du.

LED argiteria


Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du, Zuhaizti Ategorrieta ikastetxean, Intxaurrondo Zarategi ikastetxean eta Abegi etxean dauden fluoreszentzia argiteriaren ordez led argiteria jartzeko proiektua.

Eta proiektu honek 76.324 euroko aurrekontua du eta helburua da, energia aurreztea kontsumo eraginkor, jasangarri eta ahalik eta ekonomikoen baten bidez.

Horrenbestez, aurreikusten da gutxi gorabehera urtean 11.000 euro aurreztea hiru eraikinetako kontsumo elektrikoan. Eta aurrezki horri, kontratatutako potentziaren gutxitzeari dagokion aurrezkia gehitu beharko litzaioke.

Kolon pasealekuko kolektorea


Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du, segidako kontratua esleitzeko espedienteari hasiera ematea: Kolon pasealekuko saneamendu orokorreko kolektore orokorraren bi zatien birgaitzeko, eta Frantziako pasealekuaren isurialdia egokitzeko kontratua.

Lan horiek egiteko aurrekontua 1,5 milioi eurokoa da, eta enpresa esleipendunak 11 hilabeteko epea izango du lanak egiteko.

2019/02/26-an argitaratua