Donostiak Hiri Jasangarria Saria jaso du 'Donostia egokitzen da' proiektuarengatik

Jasangarritasuna sustatzeko jardueren onespen gisa ematen da saria

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Ingurumeneko zinegotzi Ane Oyarbidek gaur eguerdian jaso du, Madrilen, Hiri Jasangarria saria, Klima Aldaketara Egokitzea kategorian. Ingurumeneko estatu-idazkari Hugo Moranen eskutik jaso du saria. Duela 16 urtetik, Forum Ambiental Fundazioak ematen du sari hori, Trantsizio Ekologikoaren Ministerioaren babesarekin eta Ecoembesen laguntzarekin, jasangarritasuna bultzatzeko proiektu eta jardueren aldeko apustua egin duten Espainiako Estatuko udalerrien eta udalerriz gaindiko toki entitateen aitorpen gisa.

Donostiako Udaleko Ingurumen Zuzendaritzak “Donostia egokitzen da” proiektuarengatik jaso du saria. Epaimahaiaren iritziz, "proiektu horren xedea da berotze globalak eragiten dituen muturreko gertaera klimatikoetara egokitzea eta erantzuna hobetzea. Proiektuan, hainbat ekintza zehaztu dira, halako egoerei ematen zaien erantzuna eraginkorragoa izan dadin”.

Aurtengo epaimahaia entitate eta erakunde hauek osatu dute: Trantsizio Ekologikoaren Ministerioa, Madrilgo Udala, Andaluziako Junta, Valentziako Generalitatea, Gaztela eta Leongo Junta, eta Kanarietako Gobernua.

Forum Ambiental Fundazioa irabazi asmorik gabeko entitate bat da, eta haren helburu nagusia da enpresen, administrazioen eta gizartearen artean elkarrizketa eta lankidetza plataforma bat sortzea, gaur egungoa baino garapen eredu jasangarriagoa lortzeko eta eredu hori aplikatzeko.

2019/04/11-an argitaratua