Erritmo onean doaz aurrera SmartKalea eta Urumea Ibarrako Replicate proiektuak

Donostiak aurrera jarraitzen du Smart-Hiri Adimenduna garatzen

Inprimatu
Whatsapp ikonoa



Erritmo onean doaz aurrera SmartKalea eta Urumea Ibarrako Replicate proiektuak. SmartKaleak telefonorako aplikazio bat jarri du martxan, aukera ematen duena denbora errealean promozioak jasotzeko Donostiako smart kale horretan, Parte Zaharreko Kale Nagusian, zabiltzanean.

Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoak Donostiako Sustapenaren bidez martxan jarritako Donostia Smart klusterrak aurten dituen erronkak aurkeztu ditu, helburu nagusitzat hiri adimendun baten agertokia eraikitzea duen plan baten bidez. Horretarako, lan-dinamika batzuk ezarri ditu, agertoki smart hori indartu dezaten ikusgaitasuna ematen dioten euskarri eta tresnen bidez. Halaber, ikaskuntza adimendunaren komunitate bat eraiki du, ezagutza transferitzea xede duena, eta lurralderako soluzio berritzaileak emango dituzten proiektuak esperimentatzeko benetako gune bihurtu du Donostia.

Ernesto Gasco alkateordeak adierazi zuenez, “proiektu eskalagarriekin (hala nola kale bati adimena ematea, eta Txomin auzoa smart bihurtzea) hasi dugun bideak erreferentziazko hiri bihurtzen gaitu gure herritarren bizi-kalitatea hobetzeko teknologiak erabiltzen eta dirua aurrezteko zein ingurumenari laguntzeko kontsumoak murrizten”.

Une honetan, Donostiak bi proiektu nagusi ditu abian bere Smart City planaren baitan:


SmartKalea


  • Proiektu hori Donostiako Parte Zaharreko Kale Nagusian ezarri da, eta Altza Pasealekuraino eraman da. Haren helburua da herritarren bizi-kalitatea hobetzea IKTak nonahi erabiliz eta ingurumena eta baliabideak arrazoiz erabiliz. Gainera, negozio-aukera berriak sortzen ditu kaleko establezimenduentzat eta kolaboratzaile teknologikoentzat.
  • 2018an zehar, SmartKalea Experience izeneko pilotu bat egingo da beacons teknologia hedatzeko, Kale Nagusiko saltokiei aukera eman diezaien promozio-mezuak helarazteko, bezeroak erakar ditzaten. ATPoints aplikazioak aukera emango du telefono mugikorrean (bluetooth-a aktibatuta) promozioak denbora errealean jasotzeko Donostiako smart kale horretan zabiltzanean eta establezimenduaren aurretik pasatzen zarenean. Baliza edo beacon izeneko gailu fisiko txiki batzuei esker lor daiteke hori. Establezimenduetan ezartzen dira, eta bluetooth seinaleak igortzen dituzte, establezimendu bakoitzaren informazio zehatzarekin.
    Pertsona bat haren ekintza-eremutik (adibidez, denda baten aurretik) pasatzen denean, informazio hori pertsona horren telefono mugikorrean agertzen da. Kale Nagusian zabaldu ondoren, SmartKalea Experience Altza auzoan ere ezarriko da urtearen amaieran, Gipuzkoako Aldundiko Mugikortasun eta Lurraldearen Antolamenduko Departamentuaren baterako finantzaketari esker.
  • Gainera, SmartKaleak webgune berri bat inauguratu du aurten, zeinak aukera ematen baitu kontsumo- eta aurrezpen-datuak denbora errealean ikusteko. Webgune berrian, monitorizazio-plataforma baten bidez, Donostiako Parte Zaharreko Kale Nagusian eta Altza Pasealekuan ezarri den proiektu honetan parte hartzen duten etxebizitza eta saltokietako energia- eta ur-kontsumoak kontsultatu daitezke, bai eta argiteria publiko adimendunaren kontsumoak eta gune monitorizatuetan zenbat jende ibiltzen den ere. Gainera, informazio meteorologikoarekin eta kultur ekitaldiekin osatzen da informazio hori, eta, horri esker, ikusten da nola eragiten dioten horrelako aldagaiek han ibiltzen den jende-kopuruari. Beraz, lortutako batezbestekoei buruzko adierazleak, joera-grafikoak eta munduko beste leku batzuetako kontsumoekiko alderaketak lortzen dira.


Replicate


Europako SCC1 Smart Cities and Communities deialdiaren itsasargia, Horizon 2020 programak kofinantzatua, 691735 zenbakia:
  • Horizon 2020 planaren proiektua. Plan hori Europar Batasunak hirietako ikerketarako eta berrikuntzarako inoiz izan duen programarik handiena da. Donostia du buru, zeinak "itsasargi" gisa jokatzen baitu, Bristolekin eta Florentziarekin batera. Hiru hiriak hiri adimendunaren eredu bat ari dira garatzen energia-eraginkortasunaren, mugikortasun jasangarriaren, IKTen eta azpiegituren arloetan. Garatzen den eta optimizatu, egiaztatu eta baliozkotzen den eredua errepikatu ahal izango da beste hiri batzuetan. Donostiaren kasuan, Txomin, Antzieta eta Martuteneko egoitza-eremuan, 27 Industrialdean eta Ametzagainako parke naturalean ari da gauzatzen plana.
  • Oraindaino, xehetasunez zehaztu da Txomin auzoko (Urumea Ibarra) 156 etxebizitzatako eta 34 lokaletako fatxadak, leihoak eta estalkiak birgaitzeko proiektua, eta District Heating-en jarduera-eredua zehaztu da. District Heating hiri-berokuntzaren eta ur beroaren sistema bat da, eta 1.500 etxebizitza berriri emango die zerbitzua. Jada hasia da eraikitzen, eta aurtengo uztailean hasiko da funtzionatzen. Sistema horri esker, % 35 murriztuko da lehen mailako energiaren kontsumoa —horren % 90 jatorri berriztagarrikoa izango da—, eta CO2-ren isurketak % 85 murriztuko dira. Egoiliarren kontsumoak monitorizatuko dituen plataforma ere martxan jarriko da.
  • Gainera, bi autobus elektriko erosi dira jada. Haiek, beste bi autobus hibridorekin batera, barruti hori hiriaren erdigunearekin lotzen duen linearen zerbitzua ematen dute. Beste lau ibilgailu elektriko eta sei motor elektriko ere erosi dira udal flotarako. Halaber, kargagailu elektriko azkarrak hedatzea aurreikusten da. Horretarako, aztertzen ari dira hiriko zer lekutan koka litezkeen.
  • 27 Industrialdean, argiteria adimendunaren sistema bat ezarri da jada —hari esker, % 60raino aurrezten da energia—, eta amaitu dute abiadura handiko haririk gabeko sarea instalatzen. Horrez gain, argiteria adimendunaren sistema Txomin auzo osora hedatuko da, eta aztertzen ari dira hiriko gune aitzindari gisa 5G sistema ezartzeko aukera.

Proiektu bati zein besteri dagokienez, aipagarria da lankidetza publiko eta pribatuarekin ari direla gauzatzen, bai eta Donostia Smart klusterreko kide diren tokiko enpresen parte-hartzearekin ere. Hala, proiektuek aukera ematen dute Donostiako enpresen lehiakortasuna hobetzeko, beren produktuak eta zerbitzuak garatu, hobetu eta probatu baititzakete, eta erakusleiho gisa erakutsi. Replicate proiektuaren kasuan, tokiko enpresa parte-hartzaileek aukera dute proiektu batean Europako bazkideekin parte hartzeko, eta, besteak beste, Esaderen, Oxfordeko Unibertsitatearen, Bristoleko Unibertsitatearen eta Tecnaliaren zeharkako laguntza jasotzeko.

Donostia Smart klusterra enpresen, erakundeen eta eragile sozioekonomikoen sare bat da, bere kideen artean sinergiak eta lankidetzak sustatzeko sortua, eta, aldi berean, Donostiako smart sektorearen lehiakortasuna hobetzen du. Bere ekimenen bidez, hirian ekimenak eta proiektuak erakar eta bultza daitezen sustatzen du, herritarren mesederako soluzioak sustatuko dituztenak.

2018/05/21-an argitaratua