DonostiaEkin ekimenaren edizio berria, Donostiako ekintzailearen eguna

Abenduaren 14ean, osteguna; ekintzailetzaren inguruko jardunaldia izango da, eta bereziki ekintzaile askok hirian garatzen duten ekimena eta horren balioa aitortzea du helburu.

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Egun horretarako antolatutako jardueren artean, karpa bat jarriko da Gipuzkoa plazan; bertako ekintzaileen proiektu berritzaileak erakutsi, Pop Up Commerce (PUC) programako proiektuen azken aurkezpena egingo da eta urteko proiektu ekintzaile onenaren saria emango da karpa horretan; aurten, NaizFit aplikazioa sortu duten Borja Cembrerok eta Sara Lopezek jasoko dute saria. Aplikazio horrek balio du neurri zehatza jakiteko, arropa online erosten dugunean.

Honako adierazpenak egin zituen Ernesto Gasco alkateordeak: “ekintzaileak funtsezko aktiboak dira eta, benetan, balio erantsia ematen diote hiri honi. Benetan ekimen eta jarrera ekintzaile garrantzitsua dago Donostian; negozio berriak sortu nahi dituen jende asko dago, ez gazteak bakarrik, baizik eta baita esperientzia eta ibilbide profesional handiko jendea ere. Horrek guztiak aprobetxatu beharreko eta ekimen publikotik babestu beharreko erronka eta aukera planteatzen digu. Proiektu berritzaileak dituztenentzat modu jarraituan programak eta laguntzak egokitzearen aldekoa da gure apustua, hiriaren apustu estrategiko gisa, baina baita enplegua lortzeko bide baten bila ari direnei lagun egiteko ere. Jardunaldi hau konpromiso horren erakusle da, eta ekitea bezalako bide gogorraren alde egiten duten pertsona horienganako gure esker-ona adierazteko modua.”

Urteen poderioz indarra hartu duen ekimena da DonostiaEkin; Donostiako Sustapena sozietateak urtean zehar beren ideia eta proiektu ekintzaileak bultzatzeko Sustapenaren laguntza izan duten pertsona guztienganako esker-ona erakusteko jardunaldia. Proiektu horiei ikusgarritasuna ematea, publizitatea ematea eta jendartearekin konektatzeko espazioak lortzea da helburua eta, era berean, beren negozio-proposamenak ebaluatzeko aukera ematen die.

Helburu horixe da aurtengoa ere, eta karpa bat jarriko da aurten Gipuzkoa plazan, PuntuDenda egoitza dagoen tokian; ekintzaileei laguntzeko programak garatzen dira han –PUC, esaterako–, eta proiektuen erakusketa egingo da kanpoaldean. 10:00etatik 14:00etara, eta 15:00etatik 19:00etara egongo da irekita karpa hori.

Espazio horretan informazio-gune bat jarriko da; Sustapenak eskaintzen dituen baliabideen berri emango da, ideiak dituzten pertsonek ideia horiek enpresa-proiektu bihurtu arte jarraitu beharreko ibilbidea azalduko da, bai eta oinarri teknologikoko ekintzaileentzako Explorer programa berriaren gakoak ere (lehengo YUZZ). Santander bankuak bultzatzen du programa berri hori, CISE bere fundazioaren bitartez, eta Donostiako Sustapenak koordinatzen du toki mailan.

Gipuzkoa plazako karpan ondorengo proiektuak egongo dira ikusgai:

DENA TOYS : Jostailu seguru, dibertigarri eta sortzaileen fabrikazioa eta salmenta
NARU INTELLIGENCE SOLUTIONS: Biomedikuntzarako Big Data soluzioak
NUAVIS TECHNOLOGY: Industriarako ikusmen artifiziala, errealitate birtuala eta areagotua
DARK BURGUER: Artisau erako kalitatezko hanburgesak
VIROTEKV: Eski-pistetarako eguzki-babeserako sistema (eguzkitarako krema)
• SNOWSHARK: Elurretarako bizikletak
• UGARRI : Muralismoa, sistema grafikoa. Komertzioei laguntzeko sistema
• VOI: Bideoak editatzeko webgunea

2017/12/13-an argitaratua