Eraikuntzaren Institutua behin-behineko kiroldegi gisa erabiliko da

Obra hauetarako aurreikusita dagoen epea 175 egunetako da eta gehienezko aurrekontua 1.500.000€

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako Udalak eta Kutxa Fundazioak Altzako Eraikuntzaren Institutu zaharra behin-behineko kiroldegi moduan erabiltzeko hitzarmena adostu dute. Hala, datozen lau urteotan Kutxa Fundazioaren eraikin hau altzatarrek erabili ahal izango dute gimnasio moduan, behin Udalak bertako egokitzapen lanak amaitu ondoren, Eneko Goia alkateak eta Manu Berazak eta Carlos Ruizek, Kutxa Fundazioko preidente eta zuzendari orokorrak hurrenez hurren, aditzera eman dutenez. Altzako kiroldegi berria eraiki bitartean, bizilagunek behin-behineko kirol instalazioa izango dute auzoan bertan.

Behin-behineko gimnasio hau Kutxa Fundazioak Udalari dohainik utzitako Eraikuntza Institutu zaharreko eraikin batean instalatuko da, eta guztira 930 metro karratuen azalera beteko du. Lanak egiteko proiektua dagoeneko esleitu da, eta 1.550.000€-ko aurrekontua izango dute. Urte amaierako lanak amaituta egotea espero da.

Altzako kiroldegi berria egin bitartean, Udaletxeak behin-behineko kirol instalazio bat beharrezkoa dela ebatzi zuen, baita bizilagunekin hala adostu ere. Kutxa Fundazioarekin izandako hartu-emanen ondorioz, bi erakundeok eraikin hori baliatzea adostu dute.

Donostiako alkateak, Eneko Goiak, eskerrak eman dizkio Kutxa Fundazioari, eraikinaren erabilera Udalari uzteagatik. “Altzatar guztiek eskertuko duten keinua da. Egun hutsik zegoen eraikin hau, auzoaren erdi erdian, instalazio ezin hobea izango da kiroldegi berria egin bitartean, bizilagunek euren kirol beharrak neurri batean asetzeko”, adierazi du alkateak.

Eneko Goiak aitortu du kiroldegi zaharra eraitsi ondoren, altzatar askok beste auzo batzuetako kiroldegietara joan behar izan dutela, baita kirol klubetako kideek ere. Horregatik, Udalak aldi baterako irtenbide bat bilatzea lehenetsi du bizilaguneei euren beharrak neurri batean arintzeko, “eta asmo horretan, Kutxa Fundazioa bidelagun izan dugu”.

Urte amaierarako, prest


Donostia Kirolak Altzako auzoan behin-behineko gimnasio bat egiteko obrak esleitzeko lehiaketa argitaratu du. Gimnasio honekin, Altzako kiroldegi berriko lursailean amiantoa agertzeak berekin ekarri duen atzerapenaren aurrean, Altzako auzotarren kirol zerbitzuen eskaerak nolabait arintzea espero da.

Irisgarritasuna bermatzeko, kirol gune guztiak beheko solairuan eraikiko dira, eta kanpoaldean dagoen aparkalekua ere erabilgarria egongo da. Kirol instalazio berri honek gihartze gimnasio bat eta gimnasio kardio bat izango ditu; bi gimnasio hauek 283m2 beteko dute. Gainera, ziklo indoor aretoa (75m2) eta ikastaroetarako areto bat (106 m2) ere egongo dira. Eraikitako gainontzeko metro karratuak komunak eta aldageletarako izango dira.

Obra hauetarako aurreikusita dagoen epea 175 egunetako da eta gehienezko aurrekontua 1.500.000€, baina bai prezio baita epea ere, hobetu ahal izango dute enpresa lizitatzaileak. Beraz, urte honen bukaeran irekita egotea aurreikusten da. Gogoratu behar da, Altzako kiroldegia itxi zenetik Kirol Txartelaren baja eskatu duten Altzako bizilagunek ez dute sarrera kuota ordaindu behar bere harpidetza berritzen badute gimnasio berri hau irekitzen denean.

2018/03/16-an argitaratua