2022ko jaietako kanpaina: jai askeen alde! Indarkeria sexistarik ez!

Eraso matxisten aurkako kanpaina Donostian

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Bi urteko pandemiaren ondoren, badatoz berriz ere festak, eta Donostiako Udalak, Berdintasun Bulegoaren bitartez, eraso matxistak prebenitzeko eta horiei aurre egiteko kanpaina bat antolatu du, jaietan halako erasoak areagotu egiten direla eta.

Berdintasuneko zinegotzi Ane Oyarbidek adierazi duenez, “jaiak hasi dira jada, bai gure inguruan, bai estatuko beste leku batzuetan, eta, zoritxarrez, emakumea xede duten erasoek gora egin duela ikusten ari gara. Onartezina da gure gizartean oraindik ere bakar batzuek pentsatzea baimena dutela emakumeei jazartzeko eta erasotzeko eta emakumeen kontra indarkeria erabiltzeko, horretarako aitzakia bakar nagusitasuna, matxismoa dutela. Argi utzi behar dugu inor ez dela inor baino gehiago, eta askatasuna beste ezeren gainetik dagoela. Eta, jakina, emakume batek EZETZ esaten badu, EZEZKO biribila da, ñabardurarik gabe”.

Oyarbidek adierazi duenez, Udalak "donostiarrak indarkeriaren aurkako borrokan sentsibilizatzeko borondatea du. Indarkeria matxista desberdintasunaren ondoriozko gizarte-arazo bat da, eta, horregatik, erantzunak ere soziala izan behar du. Guztioi dagokigu errespetuzko, berdintasunezko eta indarkeriarik gabeko jarrerak sustatzea”.

kanpainan aurreikusitako jardueretako batzuk:

  • Pankarta bat jarriko da udaletxean, Aste Nagusian.
  • Aste honetan zehar, etxez etxe banatuko dira hala jarduketa protokoloa nola hirian dauden zerbitzu publikoen laburpena (89.000 ale). Asmoa da esku-hartzea erraztea, indarkeria matxistarik, erasorik edo bortxaketa-saiorik bada ere.
  • 10.000 liburuxka espezializatu banatuko dira, neskentzat (5.000 ale) eta mutilentzat (beste 5.000 ale). Liburuxka horietan, erasoak eta tratu txarretan oinarritutako harremanak saihesteko gomendioak ematen dira. Material hori banatuko da San Joan bezperan, Karmengo jaietan, Groseko Zipotz jaietan eta Jazzaldian. Aste Nagusiari, Euskal Jaiei eta estropadei dagokienez, eguna gerturatzean emango dugu puntuen berri.
Honako webgunean kanpainaren informazio guztia eta materiala aurkitu daiteke: ezezetzda.eus

Erlazionatutako dokumentuak

2022/06/20-an argitaratua