Nazioarteko sinposio bat izango da Cristina Iglesiasen Hondalearen inaugurazioa dela eta

“Kosta Harritsua: Geologia, Ekologia, Eskultura” sinposioak helburu du artearen, literaturaren, geologiaren eta ekologiaren arloetako pentsamendua partekatzea, bai horietan bai beste arlo batzuetan adituak direnekin

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Hondaleak, Cristina Iglesias donostiar eskultoreak Santa Klara Uharteko Itsasargiaren Etxean egin duen artelanak, ekainaren 5eko eta 6ko asteburuan irekiko dizkio lehen aldiz ateak jendeari. Inaugurazioaren aurretik, ekainaren 3an eta 4an, “Kosta Harritsua: Geologia, Ekologia, Eskultura” nazioarteko sinposioa izango da, EHUko Udako Ikastaroek eta BBVA Fundazioak antolatutako Donostia Sustainability Forumen barruan −Ihoberen eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuaren babesa ere badu−.

Iglesiasen obran elkarri lotutako gaiak oinarri hartuta, sinposioak aditu talde bat bilduko du, artearen, literaturaren, geologiaren eta ekologiaren arloko pentsamendua partekatzeko, bi saioetan: bata, ekainaren 3an, arratsaldean, izango da, eta, bestea, ekainaren 4an, goizean, Donostiako Aquariumeko Auditorioan.

Eneko Goia alkateak azpimarratu duenez, “kultur mugarri historikoa da hiriarentzat. Cristina Iglesiasek eskuzabaltasunez Donostiari eskaini dion obrak Santa Klara Uharteko Itsasargia nazioarteko erreferentzia artistiko eta kultural bihurtuko du. Sinposioak, gainera, garrantzi handia izango du obrarentzat, haren unibertso osoa testuinguruan jartzeko balio izango baitu”.

Informazioa eta izen-ematea


“Kosta Harritsua: Geologia, Ekologia, Eskultura” sinposioa Donostia Sustainability Forumen barruan kokatzen da. Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroek eta BBVA Fundazioak antolatutako forum horrek Ihoberen eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuaren babesa ere badu.

Sinposioak modalitate presentziala izango du (COVID-19agatik edukiera mugatua izango da) eta online ere parte hartu ahal izango da, ZOOM plataformaren bidez. Matrikulak 20€ balio izango du pertsona bakoitzeko, eta lotura honen bidez egin daiteke.

Hondalea bisitatzea


Itsasargiaren Etxea jendeari irekitzeak aukera emango die herritarrei Iglesiasek sortutako esperientziaz gozatzeko. Uhartean edukiera mugatua denez, eta ingurunea ahalik eta gehien zaindu behar denez, bisita erreserbatu beharko da, aldez aurretik, www.hondalea.eus web orrian. Erreserba eginda, bisita doakoa izango da, eta uharteko itsasontziaren joan-etorriko txartelaren prezioa besterik ez da ordainduko. Itsasontzia kaitik abiatuko da.

Irekiera-egunetik hasita, lehenengo bi asteetan, hau da, ekainaren 5etik 15era, itsasontziko bidaia ere doakoa izango da, Udalaren ekimenez.

Bisitak iraupen mugatua izango du, pertsonen fluxua egun osoan zehar antolatu ahal izateko. Horrela, edukiera kontrolatu ahal izango da, eta hori da bereziki kontuan hartu den alderdia, ingurune naturala zaintzeko asmoz.

Eneko Goiak azpimarratu duenez, Hondalea sortzeko prozesu guztian ingurumena hartu da kontuan, eta, horretarako, prozesuaren fase guztietan eskakizun-estandarrik gorenak bete dira.

Hala, Goiak gogorarazi du erreserben eta bisita gidatuen kudeaketa Cristina Enea Fundazioari esleitu zaiola, kontserbazioa eta natura obraren, uhartearen eta bi horiek gozatzeko aukeraren erdi-erdian egon daitezen.

Cristina Iglesiasen lana


Donostiako artistak abandonatutako itsasargi bat eraldatu du, Santa Klara uharteko harkaitz azaleratzean kokatua, hiritik hurbil dagoen badiaren erdian, inguru eskultoriko zorabiagarri bat sortzeko. Uharteko arrokan hondoratuta, Cristina Iglesiasen obrak bere forma xurgatzailearen barruan hartzen ditu euskal kostaren ezaugarri diren geologia eta ekologia, eta, aldi berean, uhartea inguratzen duten ur zurrunbilotsuak.

Azken urteotan, Iglesiasek eskultura publikoaren forma berriak sortu ditu, espazio zibikoak eta abandonatutako eraikinak modu berri batean irudikatuz, arkitektura, eskultura eta ura batuz, batez ere Anberes eta Toledoko erdialde historikoetan, bai eta Behe Kaliforniako Cortésen itsasoan urperatutako kokagune batean ere. Donostiako Udalak enkargatua eta azken bost urteotan garatua, Iglesiasen proiektu berria azken urteotako proiektu eskultorikorik garrantzitsuenetako bat izango da, itxura guztien arabera.

Erlazionatutako dokumentuak

2021/05/14-an argitaratua