Astelehenean zabalduko da Donostiako merkatari eta ostalarientzako dirulaguntzen epea

Eskabideak apirilaren 27tik aurkeztu ahalko dira, Donostia Sustapenaren leihatila bakarraren bitartez

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Donostiako Udalak, Donostia Sustapenaren bidez, Ekonomia Suspertzeko PREK plana jarri du martxan eta, horren bidez, diruz lagundu nahi ditu hiriko ekonomiarentzat estrategikoak diren bi sektore: merkataritza eta ostalaritza.

Helburua alarma-egoerak sortutako inpaktua txikitzea eta aldi horretako diru-sarreren gabezia arintzea da, zenbait dirulaguntzaren bidez, dituzten gastu finkoei aurre egin diezaieten eta aukera izan dezaten kudeaketa hobetzeko neurri eta tresnak garatu eta abiarazteko, beren jarduera, enplegua eta lehiakortasuna mantendu eta eraldatze aldera. Halaber, 2019an sortutako enpresentzako dirulaguntzen epea zabalduko da.

Enrique Ramos, Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzia ondorengoa adierazi nahi izan du “Donostiako Udala ahalegin ekonomiko bat egiten ari da Donostia Sustapenaren bidez, krisia hiriko funtsezko sektoreetan (esaterako, ostalaritza eta merkataritza) izaten ari den eragina arintzeko; sektoreon egoera benetan kezkagarria da, ateak ixten lehenak izan zirelako eta oraindik ez dakitelako noiz jarri ahalko duten berriz ere beren jarduera martxan. Gainera, arreta pertsonalean dena ematen ari gara, iristen doazen eskabideak artatzeko prestatu dugun leihatila bakarraren bitartez”.

Norentzako den dirulaguntza:

Zerga-egoitza Donostian duten merkataritzako eta ostalaritzako enpresentzat, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan altan emanda badaude (kontsultatu epigrafeak), Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea (ABEEE) badute edo jarduera etenda duten langile autonomoentzako ezohiko dirulaguntzaren titularrak badira, eta beren plantillaren batez bestekoa ez bada hamar enplegatura iristen.

Epeak:

Eskabideak aurkezteko epea 2020ko apirilaren 27ko (astelehena) 9:00etan hasten da eta oinarri hauen iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita 7 egun baliodun igarotzen direnean amaitzen da.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

1. Eskabiderako inprimakia.
2. Ezarritako betekizunak betetzen direla egiaztatzeko zinpeko edo erantzukizunpeko adierazpena.
3. Bankuko datuak edo bankuko dokumentu baliokide bat, eranskin moduan.
4. Eskatzailea pertsona fisikoa bada, haren NANaren kopia.
5. Eskatzailea pertsona juridikoa bada, haren IFKren kopia eta, hala badagokio, ahaldunaren NANa.
6. Enpresak Covid-19ak bultzatutako Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea (ABEEE) duela edo jarduera etenda duten langile autonomoentzako ezohiko dirulaguntzaren titularra dela egiaztatzen duen dokumentazioa.
7. Memoria finantzarioa. Finantzaketarekin estali nahi diren aurreikusitako gastuei buruzko informazioa aurkeztu beharko da: alokairua, hornidura, gestoria, aseguruak, material informatikoa, etab.

Eskabideen aurkezpena:

Eskabideak telematikoki aurkeztuko dira Donostia Sustapenaren webgunearen bidez (www.fomentosansebastian.eus); han aurkituko dituzte, halaber, laguntzen oinarriak. Horretarako, leihatila bakarreko langileen laguntza izango dute, 9:00etatik 18:00etara, bide hauetatik:

1. 943 48 28 00 telefonoa,
2. Donostia Sustapenaren webguneko txata
3. Posta elektronikoa: fomentoss@donostia.eus

Dirulaguntzen zenbatekoa onuradun-kopuruaren araberakoa izango da.
Emandako zenbatekoa % 20 handituko da eskatzailea emakumezkoa bada.
Era berean, eskatzailearen negozioa ekialdeko eremuko auzoren batean badago (Altza, Intxaurrondo, Miracruz-Bidebieta, Egia, Loiola eta Martutene), emandako zenbatekoa % 20 handituko da.

2020/04/24-an argitaratua