Martutenek uholdeei aurre egiteko ibilguaren zabalera egokia du dagoeneko

URAk 1,4 km-ko ubideratze-lanak bukatu ditu Urumean

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Martutenetik igarotzean Urumearen ubidearen 1350 metroek ibilgu-zabalera egokia dute, jada, ur-goraldien emariei eusteko (500 urteko errepikatze-denborako ur-goraldientzako, T500, diseinatutako ubide berrian). Hala adierazi dute Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiak eta Donostiako alkate Eneko Goiak, Martutenetik igarotzean, Urumearen goraldietatik babesteko II. faseko lanei gaur egindako bisitan. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde Amaia Barredok eta Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusi Antonio Aiezek ere parte hartu dute bisitan.

Urumeako uholdeei aurre egiteko II. faseko obra horiek — Martuteneko zubiaren eta 27. poligonoaren artean — jarraipena ematen diete ibilgua Martuteneko zubitik gora ibilgua zabaltzeko obrei (alegia, 2018an amaitu zen I. fasea): 2020an, bada, ibilguak lehen zituen 25 metroetatik egungo 45 metroko zabalera arte heltzeko lanak bukatu dira, 500 metroko tartean. Ibilgua zabaltzeko, 120.000 m³ lur eta harri hondeatu eta garraiatu behar izan dira.

Obren bigarren fase honetan, Urumeako ibilguaren zabaltze gehiena, eskuinaldean lortu da. Horretarako, bi lur-erauzketa egin dira Sarrueta bidearen ondoan, eta bertan zeuden baserriak eta tailerrak eraitsi dira. Ibilguari zabalera berria emateko behar besteko espazioa sortzeko egindako jarduketak dira.

Jarduketa hidraulikoari esker, halaber, hirigintzako hobekuntzak egin ahal izan dira ingurunean:

  • 27. Poligonoko biribilgunea Martutene auzoarekin berriro lotzen duen bidea eraiki da.
  • Aipatutako poligonoko zubiaren parean amaitzen den oinezkoentzako pasealekua eraiki da.
  • Parke lineal txiki bat egin da, uraren mailara iristeko bi harmaila dituena.

Eskuineko ertzeko jarduketa Latsueneko kare-labe zaharraren ondare-kontserbazioarekin osatu zen. Labe hori eraitsi egin behar zen, Sarruetako bide berrirako lekua sortzeko. XIX. mendearen amaierako instalazio industrial hau harriz harri desmuntatua zen eta metro batzuk beherago berreraiki zen, jatorrizko izaera aintzat hartuta.

I.fasean ez bezala, fase honetan ez da zubirik ordezkatu behar izan; izan ere, 27. Poligonoko zubia diseinatzerakoan, ibilguaren 52 m-ko zabalera aintzat hartu zen; , beraz, berriki burututako ubideratze berriaren zabalerarekin bat zetorren.

Erlazionatutako dokumentuak

2021/03/24-an argitaratua