Parte Zaharreko ostalaritzako 209 langile euskara ikasten hasiko dira

Langileen %80k eta establezimenduen %85ek parte hartuko dute

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak, ostalaritzan euskararen erabilera sustatu nahian, “Erraza da” proiektu pilotua jarri du martxan Parte Zaharreko establezimenduetan. Egitasmo hau jatetxe zein tabernetan lan egiten duten eta euskara ez dakiten zerbitzari eta langileei zuzendua dago. Taberna eta jatetxe guztiak bisitatu eta gero, 71 establezimendutako 209 langile animatu dira egitasmo berritzaile honetan parte hartzera.

Apirilaren 23an hasi dira euskarazko lehen hitzak ikasten. Helburua da egunean bi hitz/esamolde ikastea eta, horrela, hiru hilabeteren buruan 200 hitz/esamolde ikasiko dituzte. Oinarri horrekin, egitasmoan parte hartuko duten langileak gai izango dira bezeroak eskatzen duena ulertzeko eta elkarrizketa sinple bat izateko.

Establezimendutako langileen %45ek euskara daki edo ulertzen du


Miren Azkarate Euskarako zinegotziaren hitzetan, proiektu pilotuaren hasiera ezin hobea izan da. “Sektorean lanean ari diren jendaurreko langileak euskarara erakartzeko helburua genuen eta hori ondo baino hobeto lortu dugula dirudi. Egitasmo erraza eta erakargarria da beraientzat, neke handirik gabe burutzeko modukoa, eta espero dugu eraginkorra izatea”.

Bestalde, Miren Azkaratek txanponaren beste aldea erakustea eta beste datu batzuk agerian jartzea garrantzitsua dela adierazi du. “Parte Zaharreko 69 establezimendutan, establezimenduen %45, egitasmoa ez da beharrezkoa bertako jendaurreko langileak euskaldunak edota euskara ulertzeko gaitasuna dutenak direlako. Horrez gain, kontuan hartu behar da langileen %55 gai dela bezeroak euskaraz eskatzen diona ulertzeko eta elkarrizketa sinple bat izateko”.

Proiektuaren webgunea

Erlazionatutako dokumentuak

2019/04/24-an argitaratua