Igarak 250 etxebizitza berri izango ditu, horietatik 100 publikoak

Udalaren eta Sociedad Vascongada de Publicaciones delakoaren arteko hitzarmenari esker garatuko da

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako Udalak hirigintza hitzarmen berri bat onartu du Sociedad Vascongada de Publicaciones SA sozietateak Igarako hirigintza esparruan dituen instalazioak hartzen dituen eraikinaren lurzatiari buruz. Hitzarmen horren bidez, eremu horretan hasieran aurreikusitako etxebizitza publikoaren kopurua handitu ahal izango da. Horrela, Igarak 100 etxebizitza publiko izango ditu, garapenean planteatzen diren 250 etxebizitzetatik (%40a).

Eneko Goia alkateak nabarmendu duenez, “jarduera honek aukera ematen du etxebizitza babestuen bizitegi-eskaintza handitzeko, eta hornidura publikoak handitu eta hobetzeko. Ibaeta auzoaren gainerako zatian integratutako hirigintza-garapena da, eta bizitegi-inguruneari jarraipena ematen dio kalitateko espazio publikoekin, eremu horretan lehendik daudenak osatzeko”.

Gaur egun Sociedad Vascongada de Publicaciones – “El Diario Vasco”-ren sozietate editorea- dagoen partzelan dauden instalazioak zaharkituta geratu dira bertan egiten den jardueraren bilakaeragatik; beraz, Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean partzela horren kalifikazioa aldatuko da, eta tertziario izatetik etxebizitza izatera pasako da.

Hala, hitzarmen berriak 21.600 m2-ko hirigintza-eraikigarritasuna proposatzen du. Horietatik 21.000 m2 bizitegi-erabilerarako izango dira:
  • 12.600 m2 sustapen libreko etxebizitzarako,
  • 4.200 m2 babes-sozialeko etxebizitzarako,
  • 4.200 m2 etxebizitza tasaturako,
  • 600 m2 merkataritza/erabilera tertziariorako.

Horrela, plaza handi bat sortuko da erdian, hegoaldera irekitako berdeguneekin, etxebizitzak iparraldera eta mendebaldera banatuz, eta ipar-mendebaldeko izkina dorre baten bidez okupatuko da. Iparraldeko beheko solairuak eta dorrea tokiko eta merkataritzako ekipamenduetarako izango dira, eta gainerako espazioa gune librerako izango da.

Kutsadura akustikoaren ordenantza


Tokiko Gobernu Batzordeak hasierako onarpena eman dio Zaratak eta bibrazioek eragindako kutsadura akustikoaren aurrean Udalak duen jarduera arautzen duen ordenantzari.

Ordenantza eguneratuko da indarrean dagoen legeria akustikoari egokitzeko, eta gainera, aukera emango du beste zenbait gai eguneratzeko, haren aplikazioa hobetzeko eta azken urteetan eremu publikoaren erabilera areagotzearen ondorioz zenbait aldagai integratzeko.

2021/03/16-an argitaratua