Eusko Ikaskuntzak Donostiako Urrezko Domina jasoko du

Sari hau Eusko Ikaskuntzari emango diote, euskal kultura garatzeko eta hiriarekiko duen lotura kontuan hartzeko

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Udalaren Bozeramaileen Batzordeak aho batez erabaki du Urrezko Domina ematea Eusko Ikaskuntzari bere mendeurrenean.

Eusko Ikaskuntzak Donostiako Urrezko Domina jasoko du. Hala erabaki du Udalaren Bozeramaileen Batzordeak aho batez, eta gaur ezagutzera eman dute Donostiako alkate Eneko Goiak eta udal-taldeetako bozeramaileek irakurri duten komunikatuan. Bertan, azpimarratu dute Eusko Ikaskuntzak egindako lanak euskal kultura garatzeko, eta 100 urteotan hiriarekin izan duen lotura.

Donostiako Udalak sari hau ematea erabaki du Eusko Ikaskuntzaren mendeurrena dela-eta. Donostian sortu zen Eusko Ikaskuntza 1918ko abenduaren 22an, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako aldundiek proposatuta. Eta helburua honakoa izan zen: euskal kultura hedatzea, ikertzea eta Euskal Herriko hainbat arazorentzako irtenbideako topatzea.

Nafarroako ordezkariek proposatuta, egoitza Donostian jartzea erabaki zuten, izan ere, "Euskal Herriko hiriburuen artean zentrikoena zen eta iristeko errazena zen". Eta horrela sortu zen erakunde hau, hain zuzen ere, euskal kulturaren modernitatearen hsiera ekarri zuen erakundea, eta egun 100 urteren ondoren Miramar Jauregian bere jarduera garatzen jarraitzen duen erakundea.

Eusko Ikaskuntzak euskal kulturari egindako ekarpena eta kultura unibertsala Euskal Herrira hurbiltzeko lana izugarria izan da mende osoan zehar. Gaurko Euskal Herria ulertzeko oinarri sendoak ezarri ditu. Eta gainera, elkarte honek hasieratik izan du Donostiako Udalaren laguntza. Hala, donostiar asko izan da Eusko Ikaskuntzaren bidelagun, eta Udala bazkidea da hasiera- hasieratik, eta elkarteak berak garatutako hainbat jarduera hartu eta babestu ditu.

Eusko Ikaskuntzak meritu asko ditu, eta horien artean honakoa dago: Euskaltzaindia Euskararen Akademia sortzeko bilera eta lan guztiak egitea - ikastolen sorreran aitzindari izan ziren Miguel de Muñoa eta Elbira Zipitria elkartearen bazkide izan ziren -.

Halaber, Foru Aldundiaren egoitzan Euskal Liburutegia ezarri zuen, eta bertatik bi lan ildo ezarri zituen: Euskal Unibertsitatea eta autonomia politikoa. Horrenbestez, 1927an Donostian Unibertsitate mailako Udako Ikastaroak hasi zituen, eta Euskal Unibertsitatearen lehendabiziko urratsak egiten hasi zen 1932ean, Donostiako Ikasketa zientifikoen zentroa sortuz.

Gainera, Eusko Ikaskuntzak, besteak beste, sustatu zuen euskarazko antzerkia, eta esfortzu handia egin zuen emakumeak kulturaren eta zientziaren arloan barneratzeko.

Gerra Zibilak eta diktadura frankistak eten zuten Eusko Ikaskuntzaren ibilbidea eta debekua ezarri zioten bere jarduerari. Behin diktadura amaituta, Eusko Ikaskuntzak 1978ean lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi zuen, eta Donostiako egoitza euskal ikaskuntzen eta ikerketen gune bihurtzeko erabakia hartu zuen. Ordutik hona, Eusko Ikaskuntza gure herriaren historia kulturalean mugarri izan diren gertaera askoren eragile izan da, eta horien lekuko izan dira Donostia eta donostiarrak.

2018/06/19-an argitaratua