Giza Eskubideen 18. Zinemaldiaren Gazte Epaimahaian parte hartzeko izen-ematea zabalik

Martxoaren 31ra arte, unibertsitateko kredituak eta gizartea eraldatzeko zinemarik onena

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren Gazte Epaimahaia 18 eta 30 urte arteko 90 bat gaztek osatuko dute. Aurten, COVID 19ak eragindako mugak direla-eta, epaimahaikide gutxiago izango dira.

Apirilaren 23 eta 30 bitartean Victoria Eugenia Antzokian eta Antzoki Zaharrean egingo den Giza Eskubideen Zinemaldiaren 18. edizioaren baitan Nazioarteko Lehiaketan film labur onenari saria emateko ardura izango dute.

Gazte Epaimahaian kide izateko www.zinemaetagizaeskubideak.eus webgunean izena eman behar da. Epea martxoaren 31ra arte irekita dago. Hurrengo egunean, hau da, apirilaren 1ean izena eman duten guztien artean zozketa egingo da, emaitzak zinemaldiko webgunean kontsultatu ahal izango dira.

Aurreko urteetan bezala, Gazte Epaimahaian parte hartzeak unibertsitateko ECTS kredituak jasotzeko aukera emango du. Era honetan, Gazte Epaimahaian parte hartuko duten Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU), Deustuko Unibertsitateko eta Ikus-entzunezko graduko Mondragon Unibertsitateko ikasleek ECTS kredituak izango dituzte. Epaimahaikideek zinemaldiaren programazio ikusteko aukera izango dute.

Parte hartzen dutenek, derrigorrez, Antzoki Zaharrera joan beharko dute apirilaren 22an, arratsaldez, film laburrak ikusteko saiora. Horretaz gain, Zinemaldian zehar, gutxienez, 18:30etako saioen %80ra joan beharko dira, ECTS kredituak eta diploma jaso ahal izateko.



Film laburren lehiaketa


Film labur onenak 3.000 euroko saria jasoko du eta epaimahaiak giza eskubideen inguruko sentsibilizazioa eta zinemagintzaren kalitatea kontuan izango ditu. Lehiaketan hainbat herritatik eta nazioarteko zinemaldietatik etorritako gai sozialei buruzko film laburrek parte hartuko dute. Proiekzioez gain, beste hainbat jarduera ere izango dira; besteak beste, solasaldiak eta erakusketak.


Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia Donostiako Udalak antolatzen du Giza Eskubideen Bulegoaren eta Donostia Kulturaren bitartez, giza eskubideen inguruan kontzientzia kritikoa bultzatu nahi duelarik, bizikidetza aniztasunean, justizia sozialean, elkartasunean, askatasunean eta aukera-berdintasunean oinarritutako gizartea eraikitzen laguntzeko helburuarekin.



2021/02/18-an argitaratua