Donostia da buru emakumeen kirolean: bederatzi talde elitean eta biztanleko ratiorik onena

Udalak urtero egiten duen azterlanak Estatuko hirien arteko hiru aurrenekoetan jarri du gurea

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Eliteko emakumeen kirolean Donostia da buru Estatuan, hala erakutsi du Udalak Donostia Kirolak-en bitartez urtero egiten duen azterlanak. 2014az geroztik egiten den azterlana da; 14 diziplinatan Estatuko lehiaketa nagusietan emakumeek zer presentzia duten aztertzen du, eta aurtengoak erakutsi du bederatzi talde dituela kategoria gorenean Donostiak. Zifra horrek Estatuko bigarren postuan jartzen du kopuru absolutuan, Bartzelonaren (12 talde) hurrena, eta Madrilekin berdinduta.

Eta Donostia da aurrena biztanle/talde ratioan: 21.096 biztanleko eliteko talde bat; Bartzelona baino askoz aurrerago (144.304 biztanleko talde 1 du Bartzelonak). Estatuko 91 udalerritan dago talde bat behintzat emakumeen kategoria gorenean. Horrek erakusten du argi Donostiako ratioaren garrantzia.

Taldeak

Aurtengo denboraldian, Donostiak aztertutako 14 diziplinetatik 8tan du ordezkaritza, eta guztira bederatzi emakume-talde daude maila gorenean:
    • Super Amara Bera Bera (eskubaloia)
    • Emakumezkoen Reala (futbola)
    • Real Sociedad Hockey (belar hockeya)
    • IDK Euskotren (saskibaloia)
    • Donostiako Atletikoa (atletismoa)
    • CHH Txuri Urdina (izotz hockeya)
    • Txuri-Berri Curling (curling)
    • Donostia Arraun Lagunak (arrauna)
    • Donostiarra (arrauna)

Lidergo hori indartu egiten da azkeneko urtean lortutako kirol-arrakastei esker: Bera Berak, Txuri Urdinek eta Arraun Lagunak-ek ligako tituluak irabazi dituzte, adibidez, eta Txuri-Berrik Estatuko curling txapelketa.

Ane Oyarbide Berdintasuneko zinegotziak lidergo horren gizarte-eragina nabarmendu du: «Emakumeen kirola berdintasunaren motorra da, eta neskato eta gazte askok begiratzeko moduko ispilua. Donostia estatuko erreferente izateak esan nahi du eraikitzen ari garen hiria hiri bidezkoagoa, askotarikoagoa eta denentzat aukera gehiago ematen dituen hiria dela».

Bestalde, Iñaki Gabarain Kirol eta Bizitza Osasungarriaren zinegotziak datu horien garrantzia azpimarratu du: «Donostiak erakusten du emakumeen kirolaren aldeko apustua egitea ez dela diskurtso bat, errealitate bat baizik, aspaldi egin eta eutsi egin zaiona. Gure taldeek lehiatu, irabazi eta ordezkatu egiten dute Donostia maila gorenean; eta kluben eta kirolarien lanaren eta erakundeen laguntzaren emaitza da hori».

2026/03/04-an argitaratua