Pintxoen Galak zilarrezko lehen barandak entregatuko ditu

Miramar Jauregian egingo da otsailaren 26an

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Miramar Jauregian egingo da otsailaren 26an Donostiako Pintxoaren Institutu sortu berriaren gala. Galan zehar, Ohorezko Baranda entregatuko zaie Donostiako bi ostalaritza-establezimenduri, hots, La Espiga eta Vallés Tabernari, eta pintxo munduko bi pertsona ospetsu, jada hilak, gogora ekarriko dira: Alfonso González (Astelena) eta Josetxo Marañón (Txepetxa).

Horrez gain, ekitaldian, hirian Zilarrezko Baranda zein establezimenduk eskuratu duten jakitera emango da; hau da, Institutuak ematen duen saria, kalitatea eta ezarritako kalitate-dekalogoa bete izana saritzeko.

Ernesto Gasco alkateordeak ondorengoa adierazi nahi izan zuen: “galaren bitartez, omenaldia egin nahi diogu Donostiako ostalaritzari, gastronomiaren eremuan Estatuan ez ezik, munduko leku askotan ere garena izatera eraman gaituelako. Zerbaitegatik duela gutxi Donostian pintxotan ibiltzeko ohitura munduko esperientzia gastronomiko onentzat jo zuten. Hori dela-eta, gure tabernek hamarkada askotan egin duten ahaleginari balioa eman nahi izan diogu, tradizio hori babestearekin batera, kalitatea, egiteko lana eta jardunbide egokiak indartuaz eta mantenduaz. Geure ondare kultural gastronomikoaz, pintxoaz, gozatzen dugu, gure idiosinkrasiaren eta tradizioaren isla da, eta horri balioa eman behar zaio”.

Galan, batetik, Urrezko Barandak ezagutzera emango dira, pintxoaren bikaintasuna, kalitatea eta egiteko lana sarituko dutenak, eta, bestetik, berrogeita hamar bat Zilarrezko Baranda ere bai, adituen batzordearen bisita nabarmen gainditu eta, beraz, Donostiako Pintxoaren Dekalogoan ezarritako baldintzak betetzen dituzten establezimenduei emango zaizkienak.

Dekalogoa


Adituen batzordeak osatutako dekalogoak pintxoa gure kultura gastronomikoaren adierazpentzat jotzen du, non produktua nabarmentzen den. Bizpahiru mokadutan jaten den sukaldaritza produktua da, bai pintxo tradizionalaren formatuan edo miniatura-sukaldaritzarantz egindako eboluzioan, establezimenduan bertan egina.

Zilarrezko Baranda lortu dezaketen establezimenduek bete beharreko baldintzen artean honako hauek ere aurki ditzakegu: pintxoak barran jan ahal izatea mahirik nahita nahiez erabili behar izan gabe, pintxoaren banakako kontsumoa sustatzea, plater bat entregatu gabe, espresuki eskatzen bada izan ezik, bertako eta kanpoko bezeroei zuzenduriko eskaintza gastronomikoan bereizketarik egin gabe.

Horrez gain, gomendatzen da zerbitzua amaitzerakoan kobratzeko ohitura mantentzea.

Erlazionatutako dokumentuak

2019/02/14-an argitaratua