300 gaztek gogoeta egingo dute euskara eta hizkuntzen gainean Tabakaleran

Abenduaren 13, 14 eta 18an.

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


300 gaztetik gora elkartuko dira Tabakaleran euskara eta hizkuntzei buruz hitz egin eta gogoeta egiteko. Gaur, abenduaren 13, bihar eta abenduaren 18an, Donostiako hamahiru ikastetxetako 14 eta 20 urte bitarteko gazteak bilduko ditu Udaleko Euskara Zerbitzuak.

EkoLingua jokoan gazteak dira protagonistak


Ekolingua solas jokoaren bidez, gazteek hizkuntzen gaineko arrazoibide eta kontzeptuak mahai gainean jartzen dituzte eta horrek gogoeta egiteko tartea zabaltzen du.

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatu ditu saio hauek Elhuyar enpresako teknikarien laguntzaz. Horrez gain, EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko graduko ikasleek prozesu osoan parte hartu dute eta Jone Miren Hernandez eta Jaime Altuna irakasleen gidaritzapean. Horrela, egun hauetan gazteek ateratzen dituzten ondorioak oinarri hartuta, azterketa bat aurrera eramango dute.

Europako Batzordearen babesarekin sortutako metodologia


Europako Batzordearen babesarekin sortutako Play&Decide metodologia erabili zen karta-jokoa sortzeko, eta, metodologia horrek proposatzen duen moduan, jokorako beharrezko materiala nahiz gida metodologikoa sarean daude eskuragarri: www.soziolinguistika.eus/ekolingua.
Karta-joko hau sortzen hainbat erakundek parte hartu dute, besteak beste, Soziolingustika klusterra eta Elhuyar Aholkularitza Enpresa

Donostiako DBHko Euskara Batzordeen Topaketa


Hilaren 18an aldiz, Donostiako DBHko zazpi ikastetxetan ikasleek sortuta dituzten Euskara Batzordeetako kideak bilduko dira. Bertan, ikastetxe hauetako ikasleen aktibazioa modu berezian landuko da, gazte hauek euskararen aldeko jarrera aktiboa baitute aldez aurretik. Horien kasuan, tresnak eman nahi zaizkie beraien inguruan, kuadrillan eta abar eragiteko.

Gazte horiek euskararen aldeko jarrera aktiboa izan arren, sarritan ez dakite beraien inguruan nola jokatu eraginkorrak izateko. Topaketa hauetan baliabideak ematea eta elkar ezagutzea da asmoa” adierazi du Miren Azkarate zinegotziak.

2018/12/13-an argitaratua