Euskararen Nazioarteko Eguna Donostian

kirol entrenamenduetan euskara sustatzeagatik Donostiako 20 kirol klubei eskaini die Udalak Euskararen Nazioarteko eguneko ekitaldi nagusia

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


“Guk kirola baino gehiago egiten dugu. Gu euskaraz entrenatzen gara lelopean kanpaina bat bideratu zuen irailean Udaleko Euskara Zerbitzuak entrenamenduetan euskararen erabilera sustatzen Donostiako 20 kirol klub egiten ari diren lana ezagutzera emateko. Kanpaina horri jarraipen emanaz, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, harrera-ekitaldi bat egin zaie kirol klub hauei.

Eusko Jaurlaritzak bezalaxe, Donostiako Udalak ere kirolak euskararen normalizazioan aurrera egiteko dituen balioetan jarri nahi izan du azpimarra abenduaren 3ko ospakizunetan eta KEES egitasmoan parte hartzen ari diren 20 kirol talde hauez gain, Donostiako gainerako kirol elkarteak gonbidatu ditu Udalbatza Aretora Nazioarteko Euskararen Eguna ospatzera.

2021-2022 ikasturtean egitasmoarekin bat egin duten 20 klubetan 2003 haur eta gazte ari dira 156 entrenatzailerekin euskaraz entrenatzen. Metodologia honekin, entrenatzaileen jardunean eraginez, haur eta gazteengana iristea da helburua. Gazteenekin kontaktu zuzenean dauden entrenatzaileek, kirolaria trebatzeaz gain, euskara erabiltzen dute une oro. Gainera, egitasmo honen balio garrantzitsua da parte hartzen duen klub bakoitzaren eta entrenatzaileen inplikazio aktiboa dagoela.

Eneko Goia Donostiako alkatearen esanetan, “kirolak eta kirol elkarteek euskararen erabileran duten garrantzia eta ardura nabarmendu nahi dugu. Haur eta gaztetxo gehienek euskara eskolarekin lotzen dute, horregatik da hain garrantzitsua kirol jardueretan euskaraz egiteko aukera eskaintzea”.

Horrela, gaineratu du, “kirolean bezalaxe, hizkuntzaren normalizazioan ere denak norabide berean aritzea eta talde-lanean aritzea funtsezkoa da. Zentzu horretan, Donostiako Udalarekin elkarlanean, entrenamenduetan KEES metodologia lantzen ari diren 20 kirol elkarteen jarrera eta lana goraipatu eta nire esker ona adierazi nahi dut”.

Bestalde, urtero bezala, 120 bat ekintza antolatu dira hirian euskararen eguna ospatzeko. Euskara Zerbituzko webgunean dago gaurko, abenduaren 3ko, agenda.

2021/12/03-an argitaratua