Donostiak oroimen historikoaren eguna ospatuko du hilaren 13an

1936ko irailak 13 zituela sartu ziren tropa frankistak hirira

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako Udalak Oroimen Historikoaren Eguna ospatuko du datorren ostiralean, 1936ko irailak 13 zituela sartu baitziren tropa frankistak hirira eta demokratikoki eratutako erakundeak hartu.

Eskubide Zibilen departamentuak lora eskaintza instituzional bat antolatu du frankismoaren biktimak aitortu eta gogora ekartzeko. Ekitaldia 12:00etan izango da, Ijentea kaleko Dual eskulturaren aurrean. Alkateak eta Udalbatzak hartuko dute parte ekitaldian, eta herritar guztiak daude gonbidatuta.

Ekitaldian Udalaren Txistulari Elkartea izango da. Ondoren, Eneko Goia alkateak hitz batzuk esango ditu, eta, gainerako udalkideekin batera, lore bat utziko du eskulturan.

Udalak, egun hura gogora ekarriz, omenaldi bat egin nahi die Gerra Zibilaren eta ondorengo diktaduraren ondorioak jasan zituzten donostiarrei. Horrez gain, iraileko larunbatetan “Oroimenaren Bidea” izeneko bisita antzeztuak antolatu dira; ibilbide antzeztu horretan, gerrako eta gerraosteko gertaerak izan ziren hiriko tokietatik igaroko dira.

2019/09/12-an argitaratua