Hirigintza Plan Orokorraren aldaketek etxebizitzetan balkoiak egiteko baimena emango dute

Etxebizitzetako batezbesteko tamaina aldatu da, eta bizitegi eraikinak hoteletan bihurtzeko eskakizunak gogortuko dira

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Tokiko Gobernu Batzordeak behin-behineko onarpena eman dio Donostiako Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren Hirigintza Arau Orokorren aldaketari. Hainbat alkdaketa egin dira Arau horietan, eta besteak beste, hiru arlotan dute eragina:
  • Etxebizitzaren batezbesteko tamaina eta bereiztea
  • Balkoi berriak
  • Hotelak etxebizitza-eraikinetan

Etxebizitzaren batezbesteko tamaina eta bereiztea


Lehen funtsezko aldaketak lotura du hiriko gune urbanistikoen araberako Etxebizitzen Batezbesteko Gutxieneko tamainarekin. Hortaz, aldaketekin horrela geratuko dira etxebizitzak:
  • Hirigune Zaharreko Bizitegian zein Zabalguneko bizitegietan dauden etxebizitzen batezbesteko tamaina eraikitako 75m2 eta 85 m² izatetik 65m2 izatera pasako dira
  • Eraikuntza irekiko erabilera duten etxebizitzen batezbesteko tamaina eraikitako 85m2 izatetik 80m2 izatera pasako da
  • Garapen txikiko eraikuntzako bizitegi-erabilera duten etxebizitzen batezbesteko tamainak 120 m² izaten jarraituko du

Aldaketa honetan ezarritako batezbestekoek erantzuna ematen dute atzemandako beharrei eta eragiten diete, besteak beste, eraikitako etxebizitzen bereizketa egiterako orduan. Hau da, gutxieneko azalera baldintzak ezartzen dituzte etxebizitza bat bitan bereizi nahi bada, eta beti, bizigarritasunaren gaineko gainerako baldintzak betez.

Balkoi berriak


Hirigintza Arau Orokorren bigarren funtsezko aldaketa etxebizitzetako balkoi edo terrazei eragiten die, bai eraikuntza berrikoei, bai dagoeneko eraikita daudenei. Hirigintza Arau berriek baimentzen dute eraikitako azaleraren %10 balkoi edo terraza izatera bideratzea, etxebizitzaren eraikigarritasunaren barruan sartu gabe.

Neurri honen helburua honakoa da: alde batetik, eraikuntza berriko etxebizitza guztiek balkoia edo terraza izatea; eta bestetik, balkoirik ez duten eraikitako etxebizitzetan balkoiak egin ahal izatea, bertan bizi diren pertsonen bizi kalitatea hobetzeko.

Horretarako, eraikitako etxebizitzei buruz, hainbat baldintza bete beharko dira:
  • Bizilagunen komunitateak adostea
  • Eraikuntza estruktura aldetik egin ahal izatea
  • Proiektua eta exekuzioa bateratuak izatea
  • Udalak baimentzea
  • Eraikinen arteko gutxieneko distantziak errespetatzea

Eta neurri honek ez luke balioko aurrealdea Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezian katalogatuta dauden eraikinetan.

Hotelak etxebizitza-eraikinetan


Hirugarren funtsezko aldaketak etxebizitza-eraikinak hoteletan bihurtzeko behar diren baldintzei eragiten die. Hirigintza Arau Orokor berriek, etxebizitza-eraikin bat hotel bihurtzeko Plan Berezi bat egitea eskatuko dute. Eta gainera, beste baldintza garrantzitsu bat bete beharko dute: hotela jarri nahi den eremu horretako erabilera tertziarioa eraikitako azaleraren %40 baino handiagoa ez izatea, eta beti, eremu horretako erabilera tertziarioaren barruan hotelentzako erabilera %25 baino handiagoa ez izatea.

Neurri honen helburua da, etxebizitza-eraikinak hotelekin ordezkatzea geldiaraztea.

Erlazionatutako dokumentuak

2020/11/24-an argitaratua