Irailaren 11an hasiko dira garbitzen Haizearen Orraziko pintadak

Chillida Lekuko adituak arduratuko dira eskultura jatorrizko egoerara bueltatzeaz

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Datorren asteazkenean, irailak 11, hasiko dira garbitzen joan den astean “Haizearen orrazia XV” eskulturan margotutako begizta horiak, Gune Publikoetako zinegotzi Marisol Garmendia sozialistak iragarri duenez.

Chillida Lekuko teknikari adituak arduratuko dira Eduardo Chillidaren eskultura garbitu eta jatorrizko egoerara bueltatzeaz. Marisol Garmendiak adierazi duenez, “irtenbide horixe da egokiena, seguruena eta azkarrena Donostiako ikonoetako bat den Eduardo Chillidaren artelan enblematiko honetan modurik egokienean eta errespeturik handienarekin jarduteko”.

Udalaren eta Chillida Lekuren arteko lankidetza


Jarduera hori Udaleko Gune Publikoetako atalaren eta Chillida Lekuren arteko lankidetzaren emaitza da, eta, hauek dira egingo diren lanak: desugertzailea aplikatzea zona kaltetuan, disolbatzailea ematea, eta, azkenik, behar beste erabiltzea presiozko ura.

Esku hartzea, gehienez, bi egunetan egingo da, ingurumen jasangarritasunaren irizpideei jarraituz; alegia, behar bezala kendu eta jasoko dira partikula solidoak, eta dagokion tokian bota eta tratatuko dira. Hortaz, ingurumen arauak betez egingo da prozedura.

Garbiketa behar bezala egiteko, hesitu egingo da Haizearen orrazia XV eskulturaren ondoko eremu margotua.

Donostiako Udaleko Gune Publikoetako Zinegotzitzak eta Chillida familiak, Chillida Lekuren bidez, estuki egin dute lan “Haizearen orrazia XV” eskulturaren aurkako eraso deitoragarria gertatu zenetik, Eduardo Chillidaren eskulturari kalterik egin gabe pintadak ezabatzeko konponbiderik onena bilatzeko. Ildo horretan, Marisol Garmendia zinegotziak adierazi du Donostiako Udalak, Chillida Lekurekin elkarlanean, protokolo bat egin nahi duela Eduardo Chillidaren hiriko obra eskultorikoa mantentzeko, artistaren obraren bat duten beste hiri batzuek daukatenaren antzekoa.

2019/09/10-an argitaratua