Etxeko langileentzako aholkularitza zerbitzua Emakumeen Etxean

Zerbitzua aurrez-aurre zein telefonoz jaso ahal izango da

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Duela urte batzuk hasi zen Berdintasun Saila etxeko langileentzat aholkularitza zerbitzua eskaintzen. Zerbitzua Emakumeen Etxean eskaintzen da, eta doakoa da. Beharrezkoa da aurretiko hitzordua hartzea, 943 48 34 70 telefonora deituz edo Emakumeen Etxera joanez (Okendo kalea 9).

Zerbitzuaren helburu nagusia da etxeko langileen eskubideak ez urratzea. Aholkularitza horren bidez, langileek informazioa lortu ahal izango dute egiten duten lanarekin lotutako eskubide eta betebeharrei buruz, bai eta soldatei, kontratu motei, barne-kontratuetako espezialitateari, oporrei, egun eta ordu libreei, gizarte-segurantzako kotizazioari, baimenei, kaleratzeari eta enplegatzaileak atzera egiteari buruz ere, besteak beste.

Zerbitzua aurrez-aurre zein telefonoz jaso ahal izango da, bertaratzerik ez badago.

Nahiz eta zaintza-lanak eta etxeko lanak ezinbestekoak izan bizitzari eta ekonomiari eusteko, ez zaie balio sozial nahikorik ematen. Etxeko langileek egiten duten lana ikusezina da askotan, ondorioz, beraien eskubideak urratzearen aurrean babesgabetasun-egoeran aurkitzen dira langile asko. Horrela, ia soilik emakumeek osatutako kolektibo horri baliabideak eskaintzea da Donostiako Udaleko Berdintasun Sailaren helburua, haien bizi-baldintzak hobetzeko, eta egoera prekarioak saihesteko.

2023/03/21-an argitaratua