Donostia atxiki zaio Hiriko Elikadurari Buruzko Milango Itunari

Udal mailan gauzatzen den elikaduraren arloko nazioarteko lehen protokoloa da Milangoa

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako Udalak jauzi kualitatibo bat egin nahi du elikadura-estrategia integralarekin duen konpromisoan eta, horregatik, datorren asteartean, Gobernu Batzarrak Hiriko Elikadurari buruzko Milango Itunari atxikitzeko erabakia hartuko du, ondo bidez. Miguel Ángel Díez Ingurumeneko zinegotziak esan duenez, “Udalak elikaduraren arloko ekintzak bultzatzen ditu, haren sostengagarritasuna helburu duela. Horren adibide, honakoak aipatu ditzakegu: baratzak ekonomia-jarduera gisa eta autokontsumorako erabiltzea sustatzeko politikak, Guztiona klusterraren garapena edo elikadura osasuntsua bultzatzeko gauzatutako ekimenak. Baina elikaduraren eragin-eremua hori baino askoz ere handiagoa da. Zerikusia du osasunarekin, ingurumenarekin, gizarte ongizatearekin, ekonomiarekin, jatetxe-arloarekin eta tokiko ekoizpenarekin.”

Hiriko Elikadurari buruzko Milango Ituna 2015eko urrian jaio zen, Italiako hiri horretan egin zen “Elikatu planeta, bizitzarako energia” izeneko Exporen esparruan. Udal mailan gauzatzen den elikaduraren arloko nazioarteko lehen protokoloa da. Mundu osoko 144 hirik, guztira 470 milioi biztanle baino gehiago dituztenek, hitz eman dute elikadura-sistema sostengagarri, inklusibo, resiliente, seguru eta dibertsifikatuak garatzeko lan egingo dutela, elikadura osasuntsua eta denon eskura dagoena ziurtatzeko, eskubideetan oinarritutako ekintza-esparru batean, helburu izanik janari-hondakinak murriztea eta biodibertsitatea mantentzea eta, aldi berean, klima aldaketen ondorioak leundu eta haietara egokitzea.”

Ezin dugu ahaztu, gaur egun, munduko biztanleen erdiak baino gehiago hirietan bizi direla eta, aurreikuspenen arabera, 2050erako bi heren izango direla. Hala, bada, hiri-inguruneek paper protagonista dute munduko biztanleek elikadura osasuntsu eta sostengagarria izateko duten eskubidea bermatzeari dagokionez.

2017/07/06-an argitaratua