Plaka bat Mikel Zabalzaren eta Angel Portugalen oroimenez, Dbus-en egoitzan

Konpainiako langile bien familiek eta alkateak inauguratu dute oroigarria

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako Udalak eta Dbusek plaka oroigarri bat jarri dute Dbusen instalazioetan, Euskal Herrian modu batean edo bestean azken hamarkadetan egon den biolentziaren biktima izan diren langileen omenez. Plakak testuinguru horretan hil ziren Dbuseko bi langileren aipamena egiten du, Konpainiaren gidari izan ziren Mikel Zabalza eta Angel Portugalena.

Plaka gaur goizean egindako ekitaldi batean ezagutarazi da, non langile bien senideak ez ezik, Donostiako alkate Eneko Goia, Dbuseko zuzendari gerente Igor Gonzalez eta Dbuseko langile batzuk ere egon diren.

Plaka oroigarri hori Dbuseko Enpresa Batzordeko kide diren sindikatuen ekimenez jarri da, eta testua Donostiako Udaleko Giza Baliabideen Batzorde Ez-iraunkorrean onartu da, non Udaleko talde politiko guztiek parte hartzen duten. Alkatea da organo horren burua, eta bertan giza eskubideei lotutako udal politikaren alderdiak aztertzen dira.

Mikel Zabalza, Dbuseko gidaria, 1985ean atxilotu zuen Guardia Zibilak eta ondoren bere gorpua agertu zen Bidasoa ibaian. Angel Portugal, hau ere gidaria, bihotzeko batek jota hil zen, 1997an berak gidatzen zuen autobusak kale borrokako ekintza bat pairatu ondoren.

Plaka hau jarrita, bai Donostiako Udalak bai Dbusek estimua adierazi nahi die hainbat hamarkadatan testuinguru zailean lan egitea egokitu zaien langile guztiei eta, batez ere, hildako bi langileei.

Alkateak, Eneko Goiak, adierazi du omenaldia “memoria ekitaldi txiki bat dela eta urte askoan indarkeri giroaren ondorioak pairatu duen kolektiboari esker ona erakutsi nahi diela”.

Bidezkoa da Mikel Zabalza gogoratzea, judizialki argitu gabe dagoen egoeran hil baitzen, nahiz eta hil zen unean Estatuaren indar polizial baten zaintzapean egon eta indar horrek bere segurtasuna zaindu behar zuen”, adierazi du.

Eta Angel Portugal gogoratzea ere bidezkoa da, Konpainiaren gidari askok egunero bizi behar zuten tentsioa eta drama sinbolizatzen baitu, izan ere, egun haietan gure kaleetan ohikoa zen autobus bat geldiaraztea, erabiltzaileak autobusetik jaitsaraztea, kristalak haustea eta autobusa erretzea”, adierazi du.

Amaitzeko, alkateak esan du "Donostiak pausoak ematen jarraituko duela garai batean gure kaleetan pertsona askoren funtsezko eskubideak urratu zirela gogoratzeko memoria gune iraunkorra sortu arte gure hirian”.

2018/06/18-an argitaratua