Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunari buruzko Erakunde Adierazpena

Udaletxeko Udalbatzan irakurri da adierazpena, eta alderdi politiko guztiek sinatu dute

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
COVID-19aren pandemiak gure bizitzak eta komunitateak kolokan jarri ditu, eta gogor egin die aurre pertsona guztien osasunari, segurtasunari eta ongizateari nahiz komunitateko bizitzari. Mundua ulertzeko eta hartan egoteko modua aldatzen ari da. Konfinamenduak, mugitzeko murrizketek eta harremanak mugatzeak agerian utzi dituzte indarkeria matxistaren hainbat motari aurre egiten dieten emakumeen eta adingabeen zaurgarritasun handiko egoerak.

Konfinamenduak, alde batetik, aldaketak eragin ditu zerbitzu emateetan, eta, bestetik, ondorio psikologikoak eta bestelakoak eragin ditu emakumeen, nesken eta mutilen artean, haien bizi prozesuak eten egin baitira, eta, aldi berean, etxean hainbat indarkeria mota eta adierazpen izaten zituztelarik. Orain, lehentasunezkoa da jakitea krisi honek nola eragiten dien emakumeei, haien seme-alabei eta hainbat sexualitate, sexu ezaugarri, desio norabide edo identitate dituzten beste pertsona batzuei, indarkeria matxistari dagokionez, zer forma berri sortu diren, zer eredu aldatu diren, zer adierazpen handitu diren. Litekeena da indarkeria matxistak beste bazterketa edo indarkeria elementu batzuekin elkarreraginean jarduten duen kasu konplexuagoei erantzuteko beharra areagotzea. Izan ere, bikotekideek, bikotekide ohiek edo beste gizon batzuek zuzenean emakumeengan eragindako indarkeriaz gain, krisi honetan beste mota bateko indarkeria batzuk ere areagotuko dira, adibidez, ekonomikoa. Gure betebeharra da, erakunde garen aldetik, emakume eta haien semealaba guztiek bakoitzaren egoerarako arretarik egokiena jasotzen dutela bermatzea.

Alarma egoeran, argi geratu da erasotzaileak ugaritu egin direla eta emakumeen independentzia ahuldu egin dela. Pandemian, 016 zenbakira egindako deiak % 12 igo dira, baina salaketak, ordea, jaitsi egin dira. Gaur, bereziki, Espainian eraildako eta 23 adingabe utzi dituzten 42 emakumeak gogoratu nahi ditugu, eta, zehazki, Euskadiko 2 emakumeak, 56 urteko ama eta haren 24 urteko alaba. 2020. urtean, hilketak Errege Magoen egunean hasi ziren: 2 emakume galdu ziren, 28 urteko ama bat eta haren 3 urteko alaba.

Euskadin, 2019an, Ertzaintzaren datuen arabera, 3.098 emakumeri eraso egin zieten bikotekideek edo bikotekide ohiek, beste 899 emakume bortxatu zituen familiako beste gizon batek, eta beste 422 emakumek gorputz intimitatearen aurkako indarkeria jasan zuten familiatik kanpo. Guztira, urtebetean, 4.419 emakumek jasan dute indarkeria hori (2018an baino 175 emakume gehiagok eta 2017an baino 399 emakume gehiagok).

Horregatik guztiagatik, konpromiso politiko argi bat izan behar dugu, gizarteak eskatzen baitie erakundeei emakumeen aurkako indarkeria matxista lehentasun politikoa bihurtzeko. Inoiz ez bezala, bada garaia zerbitzu publikoen eta erakundeen laguntza eta baliabide guztiak edukitzeko, emakumeei eta haien seme-alabei laguntzeko askapen, berreskuratze, ahalduntze eta autonomia prozesuetan. Ezinbestekoa da emakumeek duintasunez eta segurtasunez bizitzea merezi duen bizitzarako oinarrizko eskubidea berreskuratzea. Gainera,
ezinbesteko baldintza da gure erkidego, herri eta hiriak bizikidetza seguru, solidario eta berdintasunezko espazio gisa indartu daitezen.

Herritarrengandik hurbil gaudenez gero, euskal udalek hizpidea eman nahi diogu gure udalerriek emakumeekin eta indarkeria matxistaren beste biktima batzuekin duten elkartasunari. Erantzukizuna geure gain hartzen dugu, erakunde, kolektibo feminista eta emakume, aditu eta eragile sozial guztiekin lankidetzan eta koordinazioan.

Donostiako Udalak konpromiso hauek hartzen ditu:
1. Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen eta seme-alaben eskubideak arreta prozesu guztiaren erdian kokatzea, haien beharrak eta eskaerak entzun eta haiei erantzunda, politika berriak diseinatzeko, babes, arreta, konponketa eta horrelakorik berriz ez gertatzea bermatzeko, eta zaintza hobetzeko, indarkeria egoeretan dauden emakumeen forma berriak eta profil berriak detektatu eta berehala jardun ahal izateko.

2. Indarkeria matxista mota guztiei aurre egin behar dieten emakumeentzako eta seme-alabentzako arreta eta laguntza zerbitzuak mantendu, hobetu eta egokitzea, ikuspegi konpontzaile halako bat lagun, erakunde bakoitzaren eskumenen esparruan, emakumeen jabekuntzari laguntzeko programak eta gazteen arteko indarkeriaren prebentzioa bultzatuta, etorkizuneko indarkeria egoerak saihesteko funtsezko tresna gisa.

3. Tokiko bizitzako berdintasun programak zaintzea eta finkatzea, emakumeen kolektibo batzuen zaurgarritasun egoerak areagotzen dituzten desberdintasunak areagotzearen aurka borrokatzeko, eta 2020ko uztailean osoko bilkuran hartutako konpromisoari eustea, 2021eko ekitaldiko aurrekontuetan berdintasunaren arloan finkatutako eta lehentasuna duten aurrekontu sailei eustekoa, kontuan hartuta COVID 19aren krisiak emakumeen pobretzean eta zaurgarritasunean duen eragina, berariazko jarduerak diseinatu ahal izateko.

4. Krisiaren enplegu-galerak, diru sarrerak eta beste eragin negatibo batzuk arintzeko neurrietan genero ikuspegia sartzea, gehiago eragin baitie emakumeei, eta oztopo baita indarkeria matxistako egoeretatik irten ahal izateko. Horretarako, erakundeen, udalen, foru aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza eta koordinazioa aldarrikatzen ditugu, baliabideak bermatzeko eta behar diren ekimen guztiak abian jartzeko, zeinek bere eskumenen esparruan.

5. Beste egoitza bat bilatzea Emakumeen Etxerako, Donostiako emakumeen konponketa, oroimen eta ahalduntze prozesuak eta mugimendu feministarekiko aliantza sarea gauzatzeko topagune seguru gisa kokatzeko.

6. Era berean, dei egiten diegu donostiarrei Emakumeenganako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta mugimendu feministak deitutako mobilizazioekin bat egin dezaten.

Erlazionatutako dokumentuak

2020/11/25-an argitaratua