Ur gaineko plataforma batetik egingo da su festen agurra
Nazioarteko 55. Lehiaketan parte hartuko duten piroteknia etxe guztiek hasiko dute ikuskizuna Kontxako badian
Su Festen Nazioarteko 55. Lehiaketak aldaketa handi bat ekarriko du aurten. Piroteknia etxe guztiek hasiko dute ikuskizuna Kontxako badiaren erdian jarritako plataforman. Orain arte, Alderdiederren hasi izan dira su festak, 22:45ean; aurten, ordea, aldatu egin dute suak jaurtitzen hasteko tokia, eta aurrerantzean ere hala izatea nahi dute.
Horrez gainera, aurten inauguratuko dugun hasierako agur horretan, sari berezi bat izango da, SUPERAMARAk emana: 2.500 euro eta garaikur bat, Iñigo Aristegi artistak egina, "Hasierarik ikusgarrienari" legenda duena.
Lehiaketaren atal honetako arauak oso errazak dira: piroteknia etxe bakoitzak gehienez ere 150 mm-ko hiru hodi erabili ahal izango ditu, eta horietatik jaurtiko ditu erakargarrien iruditzen zaizkion efektuak. Epaimahaiak, puntuazioa emateko, kontuan hartuko ditu kolorea, suek badian zenbat zeru hartzen duten, diseinua, originaltasuna…
Agurraren ostean hasiko dira bildumak jaurtitzen, Alderdiederretik. Aurten, zazpi piroteknia etxe (lau espainiar eta hiru atzerritar) arituko dira lehian, 11tik 17ra, Urrezko Maskor preziatua lortzeko:
- Abuztuaren 11n – ESTEBAN MARTIN (Granada)
- Abuztuaren 12an – HAMEX (Eslovenia)
- Abuztuaren 13an – CABALLER FX (Valencia)
- Abuztuaren 14an – PARENTE (Italia)
- Abuztuaren 15ean – FIRST CLASS PYRO-EVENTS (Alemania)
- Abuztuaren 16an – XARAIVA (Ourense)
- Abuztuaren 17an – HERMANOS CABALLER (Castellón)
Aste ikusgarri hau amaitzeko, abuztuaren 18an, larunbatarekin, Suediako GOTEBORG FIREWORKS piroteknia etxeak ikuskizun piromusikal bat eskainiko du. Aurtengo musika errepertorioa eskandinaviarra izango da osoki: ABBA, Avicii, Roxette, Kygo, A-Ha, Swedish House Mafia… Diseinatzailea Martin Hildeberg da, eta “Nordic Beats” izena jarri dio bere sorkariari.
Lehiaketako epaimahaiak hiru izango dira:
- ofiziala (urrezko, zilarrezko eta brontzezko maskorrak emango ditu, bai eta hasierarik ikusgarrienarentzako saria ere),
- gazteena (Euskaltel saria nori eman erabakiko du)
- eta publikoarena (herri saria emango du).
Gazteen Epaimahaia 16 eta 22 urteko edozein zalek osa dezake. Izena emateko,
astenagusia.donostiakultura.eus webgunean datorren inprimakia bete behar da, uztailaren 31 baino lehen.
Botoa ematen duten herritarrek Pragarako bidaia bat, Euskaltelek eskainia, irabazi ahal izango dute, zozketa bidez. Honako hauek dira botoa emateko bideak: Euskaltelen app-a eta kupoiak, Festak-en webgunea, eta Diario Vascoren kupoiak eta webgunea.
Aurten ere, Argazkilaritza Lehiaketa antolatuko da. Nahi duten guztiek parte hartu ahal izango dute laugarren edizio honetan, betiere deialdian jasotzen diren oinarriak betetzen badituzte. Oinarriak webgunean daude jasota.
Irudi galeria
2018/06/28-an argitaratua