Donostia WeekINN astea nazioartekotu egingo da bosgarren edizioan.

hirian burutzen den berrikuntza bultzatzeko estrategiari nazioarteko izaera ematea du helburu

Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Aurten 50 jarduera baino gehiago eskaintzen ditu hiri osoko 30 egoitzatan banatuta: nazioarteko 150 bat aditu, enpresa, ikerketa-zentro, elkargo eta sektore ezberdinetako agenteren hitzaldiak eta doako saioak. Horiek guztiek Donostiako ekosistema berritzailea azpimarratuko dute hiriaren aldaketa, hazkunde eta kohesioaren motore gisa.

Ernesto Gasco alkateordeak eta Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak ondorengoa adierazi nahi izan zuen: “WeekINN Astea bosgarren ediziora iritsi da, eta horrek hiriak duen heldutasuna erakusten du berrikuntzaren kontzeptuaren inguruan duen garapena bere gain hartzeko orduan. Aurten, programa oso zabala izango da, 70 erakundek hartuko dute parte, eta enpresek, hezkuntzak eta nazioartekotzeak garrantzi handia izango dute. Herritarrekin ere ez gara ahaztu, jarduerak antolatu baititugu bai haurrentzat, bai helduentzat, Boulevardean jarri dugun karpan”.

Hirugarren urtez, WeekINN Astean karpa bat jarriko da Donostiako Boulevardean, KapsulaINN-Berrikuntzaren Faktoria, doakoa izango da herritarrentzat egun osoan zehar, eta berrikuntza eta teknologiak erakusteko espazio moduan erabiliko da. Bertan, robotikako tailerretan eta teknologiak testatzeko saioetan parte hartu ahal izango da, tokiko proiektu ekintzaile berritzaile berriak ezagutu ahal izatearekin batera.

Horrez gain, Berrikuntzaren Astean zehar, DonostiaINN enpresa-berrikuntzarako sariak banatuko dira beste behin; hau da, hirugarren edizioa betetzen duten sariak, eta arlo horretan hiriko enpresek burutzen duten lana saritzeko helburua dutenak, bi kategoriatan: finkatutako enpresarentzat eta enpresa gaztearentzat.

Berrikuntzaren Asteak edizio honetan ere erreminta ezberdinak izango ditu; hala nola, APP bat, erabiltzaileek programaturiko jarduerak egunero kontsultatu ahal izateko, informazio xehatu, ordutegi, egoitza eta guzti, eta zuzenean izena emateko aukera ere eskaintzen duena. Era berean, egunero blog bat idatziko da Donostia WeekINN Astearen jarduera nabarmenenen laburpenarekin, eta ikusmen-laburpenak egingo dira garatutako jarduerak eta kontzeptuak kontuan hartuta.

2018/10/18-an argitaratua