Partaidetzazko Aurrekontuetako proiektuen lehentasuna erabakitzeko bozketa hasi da

Gaurtik urriaren 29ra bitartean, herritar bakoitzak 116 proposamenetatik 5 bozkatu ahal izango ditu

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako Udalak dagoeneko ireki du 2023ko Partaidetzazko Aurrekontuen prozesuaren lehen fasean egindako proposamenak bozkatzeko epea. Horrela, herritarrek, gaurtik urriaren 29ra bitartean, proposatutako 116 proiektuen artean 5 aukeratu ahal izango dituzte.

Urriaren 30etik aurrera, herritarren botoen emaitzen arabera, lehentasunezko proposamenen zerrenda bat egingo da. Proposamen horiek 2024ko (1,5 milioi) eta 2025eko (1,5 milioi) aurrekontuetan sartuko dira, boto gehien jaso dutenetik gutxien lortu dutenera.

Proposamenen bozketa


Bozketa fasean dauden 116 proposamenetako bakoitza Herritarren Partaidetzako Zerbitzuaren webgunean kontsulta daiteke, eta bertan auzoka zein arloka sailka daitezke.

Bozketan parte hartzeko baldintzak 16 urte baino gehiago izatea eta Donostian erroldatuta egotea dira. Gainera, pertsona bakoitzak behin bakarrik bozkatu ahal izango du, eta bozketa horretan bost proiektu aukeratu beharko ditu.

Parte hartzeko bi bide daude:
  • Online, horretarako sortutako webgunearen bidez. Botoa unibertsala, eskuragarria, anonimoa eta sekretua izango da. Hauek dira online botoa emateko behar diren datuak: NAN edo AIZ zenbakia, izen-abizenak, jaioteguna eta telefono mugikorraren zenbakia (bertara "DonostiaTik" mezua iritsiko da botoa balioztatzeko unean).
  • Aurrez aurre, Herritarren Partaidetzako bulegoan (Easo kalea 43, 1. eskuina). NANa aurkeztu beharko da.

Lehenespena ezarri ondoren, proiektu bakoitzaren egoeraren eta gauzatze fasearen jarraipena web orri beraren bidez egin ahal izango da.

116 proposamen finalistak


Udaleko departamentu desberdinetako teknikarien azterketaren ondoren bozketa fasera iritsi diren proposamenetatik 6 hirirako dira, eta gainerako 110ak hiriko 20 auzotan banatzen dira, Altza (14), Aiete (11), Egia (11) edo Bidebieta (10) buru direla. Ekialdeko Barrutiak 32 proposamen bildu ditu guztira.

Proposamen horiek guztiek interes publikokoak eta udalen eskumenekoak izateko baldintzak betetzen dituzte, 300.000 euroko inbertsioa gainditzen ez dute, eta ekitaldi bakar batean gauzatu daitezke, ondorengo aurrekontuetan eraginik izan gabe.

2021eko prozesua


Partaidetzazko Aurrekontuen aurreko prozesuan, 2021ean egin zena, 555 proposamen jaso ziren guztira; horietatik 419 azterketa fasera pasa ziren, eta 93 bozketa fasera. Guztira, 3.723 pertsonak hartu zuten parte.

Herritarrek lehenetsitako proposamenetatik, 2022ko eta 2023ko aurrekontuetan aurreikusitako proiektu batzuk amaitu dira jada, hala nola Pokopandegi bidea garbitzea, hirian hondakinak bereizita biltzeko edukiontzi txikiak jartzea, Antiguon Parkour parke bat jartzea, U formako bizikleta aparkalekuak, ibai-parkea Martuteneko 27. poligonoarekin oinezkoentzat lotzea, edo Arrobitxuloko haur parkea argiztatzea

Beste batzuk, esaterako, hiriko hainbat puntutako bidegorri sarearen konponketak edo Antiguoko frontoiaren berritzea, fase aurreratuetan daude dagoeneko, eta datozen hilabeteetan gauzatzen joango dira. Monseko kiroldegiaren albo bat ixteko lanak hasiak daude.

2023/10/16-an argitaratua