Kontxako pasealekua ibilgailu pribatuarentzat itxita irailaren 28tik aurrera

Itxitura ingurunean egingo diren obrek eragin dute, eta 9 hilabete iraungo du

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Kontxa inguruan egingo diren proiektuak gauzatzeko lanak datorren asteartean, hilak 21, hasiko dira, eta 9 hilabete iraungo dute. Lanak direla eta, pasealekua ibilgailu pribatuarentzat itxita egongo da irailaren 28tik (asteartea) udara arte.

Trafikoaren gaineko eraginak


Asteartean, hilak 21, zirkulazioa eteten hasiko dira, batez ere Zubieta plaza inguruan (Niza hotelaren parean). Hala, San Martin eta Zubieta kaleek errei bakarra izango dute.

Hurrengo asteartetik aurrera, hilak 28, izango da behin betiko etena; izan ere, ordutik aurrera garraio publikoak (linea erregularrak eta lineaz kanpokoak), taxiek, motoek eta larrialdietako ibilgailuek baino ezin izango dute Kontxako pasealekua zeharkatu, semaforo alternatiboz araututako errei bakar batetik.

Gainerako ibilgailu pribatuentzat kanpoko bideak erabiltzea gomendatzen da, ezin izango baita erdigunetik zeharkatu. Hori dela eta, mozketa hau hiriko 11 gunetan seinaleztatuta egongo da, kaltetutako eremura iritsi aurretik ibilbide alternatiboak hartu ahal izateko.

Bizikletak eta oinezkoak


Bizikleten eta oinezkoen pasabidea bermatuta egongo da obra egiten den bitartean, baina aldaketa batzuk izango ditu. Asteartetik, hilak 28, hiru hilabetez, bizikletek bidegorri zaharretik ibili beharko dute, pasealekuko 17. zenbakiaren paretik 40. zenbakiaren pareraino; oinezkoek, berriz, normaltasunez zirkulatu ahal izango dute. Hortik aurrera eta Ondarretako tuneleraino, oinezkoek eta bizikletek espaloian elkarrekin bizi beharko dute, bidegorria osorik okupatu behar baita.

Bigarren fasean, pasealekuko baranda aldatu bitartean, bizikletek bidegorri berritik zirkulatu ahal izango dute, eta oinezkoek, berriz, zati zaharretik.

Trafikoaren eskema


Pasealekuan egingo diren hobekuntzez gain, datozen 9 hilabeteetan egingo diren lanek Zubieta eta San Martin kaleen noranzkoa behin betiko aldatzea ahalbidetuko dute, eta inguruko beste kale batzuetan ere aldaketak eragingo dituzte.

Hobekuntza hiriarentzat


Pilar Arana Mugikortasun eta Garraioko zinegotziak eta Duñike Agirrezabalaga Proiektu eta Obretako zinegotziak gaur goizean aurkeztu dituzte lan horiek izango dituzten eraginak. Egingo diren obrak kostaldeko horma konpondu eta handitzea, Kontxako baranda aldatzea, San Martin eta Zubieta kaleen noranzkoa aldatzea, bidegorriaren hirugarren fasea eta Ibaetako bulkadaren hodiak luzatzea dira.

Aranak adierazi duenez, "ulertzen dugu lanek eragina izango dutela ibilgailuetan, baina epe ertain-luzera hobekuntza ekarriko dute hiriarentzat. Izan ere, hiriaren erdiguneko trafikoa bideratzeko aukera emango digute, eta, horrela, oinezkoentzako espazio askoz atseginagoak irabaziko dira, herritar guztiek gozatu ahal izango dituztenak. Horregatik, herritarren laguntza eskatzen dugu prozesu honetan zehar".

Bestalde, Agirrezabalagak azpimarratu duenez, "Oinezkoei eta herritarren gozamenari gehiago begiratzen dien hiri eredu batean aurrera egiten ari gara. Zentzu horretan, Kontxa Pasealekuko espaloia handitzeko aprobetxatuko dugu, ibilbidearen zatirik handienean 6 metrora iritsiko dena. Era berean, Kontxako egungo bidegorria osatzen dugu, eta hiriko ikurretako baten berrikuntza osatzen dugu, baranda, hain zuzen ere, honen lehen fasea iaz egin ondoren".

Erlazionatutako dokumentuak

2021/09/17-an argitaratua