#Badago zer saihestu! kanpainak adineko pertsonen istripuen prebentzioan egingo du indar

30 boluntariok esku hartuko dute kanpainan hiriko hainbat puntutan eta auzotan “salbamendu mapa” banatzen

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako Udalak #Badago zer saihestu! Sentsibilizazio kanpaina jarri du berriro martxan, adineko pertsonei hirian mugitzen direnean arriskuak saihesten laguntzeko. 

Mugikortasun Sailak eta Donostia Lagunkoia Hiri planak bultzatutako ekimena 2017ko apirilean, maiatzean eta ekainean egin zen lehen aldiz, eta berriro aktibatu da, boluntarioen ekimenari eta esku-hartzeari esker. Hain zuzen, oraingo honetan, 30 boluntariok informazioa eta ur bidoiak banatuko dizkiete txirrindulariei, hiriko hainbat lekutan.

Eta horrez gain, salbamendu mapak eta oinezkoentzako, gidarientzako eta txirrindularientzako gomendioak ere banatuko dituzte, maiatzaren 23ra arte astelehen eta asteazkenetan, Boulevardean, Askatasunaren hiribidean eta San Martin kalean.

Pilar Arana mugikortasuneko zinegotziak azpimarratu duenez horrelako kanpainak “funtsezkoak” dira istripuak murrizteko. “Saihestu daitekeena saihesteko gauza bagara, nahigabe askori egingo diogu aurre”.

Zinegotziaren esanetan, “oro har, badakigu zer neurri hartu behar ditugun kalean, baina presarekin itsumustuan ibiltzen gara batzuetan, eta ez gara gai gure bidean datozen ibilgailuak, oinezkoak edo bizikletak ikusteko”.

Kanpaina




Ekimen hori 2017ko tailerren bidez sortu zen, hirian mugitzeko dauden zailtasunak identifikatzeko helburuarekin. Orduko hartan, adineko pertsonak segurtasunez mugitzeko oinarrizko hainbat neurri eta gomendio plazaratu ziren. Tailer haietan, adineko pertsonez gain mugikortasun saileko teknikariek eta komunikazioaren esparruko profesionalek hartu zuten parte.

Orduan ateratako ondorioei esker diseinatu zen #Badago zer saihestu kanpaina, eta hainbat ekintza egin ziren horren baitan: 2016an oinezkoen harrapaketak gertatu ziren 31 puntu seinaleztatu ziren biniloekin; “salbamendu mapa” bat argitaratu zen, “Badago zer saihestu!” izenburuarekin, 31 puntu horiek adierazteko eta oinezkoentzako, gidarientzako eta txirrindularientzako gomendioak jasotzeko; informazioa eta aholkuak jasotzen zituen kubo bat ibili zen hirian batetik bestera; eta mezudun loreak banatu zitzaizkien arau-hausteak egiten zituzten pertsonei. Aldi hartan, adineko pertsonen elkarteetako, zahar etxeetako eta +55 programako boluntarioen talde zabalak hartu zuen parte herritarrak sentsibilizatzeko material horien banaketan.

Eta aurten, 30 boluntariok esku hartuko dute maiatzaren 7an hasitako kanpainan, maiatzaren 23ra arte, astelehen eta asteazkenetan, hiriko hainbat puntutan eta auzotan –besteak beste, Boulevardean, Askatasunaren hiribidean eta San Martin kalean– “salbamendu mapa” banatzen segurtasunari buruzko mezu batekin, eta oinezko, gidari eta txirrindularientzako gomendioekin. 

Kanpainaren euskarri, bost bideo ere editatu dira, oinezkoei, txirrindulariei eta gidariei gomendioak emateko, oinezkoen artean semaforoa gorrian dela kalerik ez dela gurutzatu behar kontzientzia zabaltzeko eta kanpainaren making off-a jasotzeko. #Badago zer saihestu! Orain arte 250.000 ikustaldi baino gehiago izan dituzte bideo horiek.


Kanpainaren ekintza ildo guztiak nahiz gomendioak eta informazioa web-orri honetan biltzen dira:salbamendumapa.donostia.eus
.

2018/05/09-an argitaratua