Easoko trenbidearen eremua antolatzeko hasierako proposamena aurkeztu da

Behin betiko antolaketa Udalak eta ETSk berak duten batzorde mistoan negoziatuko da

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako Udalak Eusko Jaurlaritzari helarazi dio Easoko trenbidearen eremua antolatzeko egin duen hasierako proposamena. HozFontan arkitektoen estudioak idatzi du proposamena, 36.350 m2ko antolaketa eremua zehazten du eta, bertan, etxebizitza garapena – 450 eta 500 etxebizitza berri – zein ekipamendurako 7 eraikin egitea aurreikusten ditu.

Donostiako alkate Eneko Goiak, Hirigintza zinegotzi Nekane Arzallusek eta Pablo de la Hoz arkitektoak eremuaren jabe Eusko Trenbide Sareari bidalitako hasierako proposamena aurkeztu dute. Helburua da, eremu horretako etorkizuna definitzen hastea.

Eneko Goiak adierazi du, Topoaren igarobideak aukera emango digula hiri-garraio sistema hobetzeko, baita egungo trenbidearen eremua erdigune berri batean bihurtzeko, hain zuzen ere, etxebizitza zein ekipamenduak eta donostiarron gozamenerako gune hobeagoak izango duen erdigune berrian.

Alkateak esan du, Amaran Topoa lurrazpian sartzeak aukera berriak emango dituela hiriarentzat garrantzitsua den gune batean. Horrenbestez, eremuaren garrantzia ikusita, Goiak honakoa gaineratu du: “Eremua ondo landu behar dugu, izan ere, hiria garatzen jarraitzeko aukera emango du hirigintza modernoaren irizpideak jarraituz: eremu jasangarria lortuz, etxebizitzak eta ekipamendurako eraikinak uztartuz, eta oinezkoen zein bizikleten eta ibilgailuen trafikoa hobetuz".

Horren harian, Goiak azpimarratu du, hasierako proposamenak Arabako parkea handitzea aurreikusten duela, erabiltzeko zein disfrutatzeko berdegune berria sortuz. Horretarako trafiko fluxu berriak ezarriko dira, parkea egoteko gune atsegina izateko eta Erdialdea, Amara eta Morlans auzoen arteko lotura hobetzeko.

Proposamena hasierako abiapuntua da eta Udalak eta Eusko Jaurlaritzak eremuari buruz hitz egiteko osatu duten batzorde mistoaren hurrengo bileretan aztertuko dute. Bi erakundeen artean adostu beharko dute eremuaren behin betiko antolaketa. Dena dela, adostuko duten behin betiko antolaketa hori Hiri Antolaketarako Plan Orokorrean sartuko da, eta antolaketa osatzeko lanak Topoaren igarobidea martxan egon ondoren hasiko lirateke.

2022/02/22-an argitaratua