Isabel Verdinik 2024ko Urrezko Danborra jaso du
Dantza irakasle donostiarrak alkatearen eskutik jaso du saria, Udalbatza Aretoan egindako ekitaldian
Donostiako alkate
Eneko Goiak 2024ko Urrezko Danborra eman dio Isabel Verdiniri, Udaletxeko Udalbatza Aretoan,
San Sebastian eguneko ekitaldi ofizialetako batean.
Isabel Verdini (Donostia, 1971) dantza-irakaslea da, eta 30 urte daramatza dantza-prestakuntzan, batez ere desgaitasunen bat duten pertsonekin lan egiten. Urte hauetan zehar, donostiarrak bere irakaskuntza-metodo propioa sortu du, Método Verdini izenekoa, eta Verdini Dantza Taldea sortu du, eszenatokietan zehar aniztasuna ikusarazteko.
Urrezko Danborra aukeratu dute, hain zuzen ere, desgaitasuna duten pertsonen inklusioa lortzeko lana eta inplikazioagatik, eta irakaskuntzaren eta dantza bultzatzearen alde egindako lanagatik.
Donostiako alkate Eneko Goiak adierazi duenez, "
atzera begiratzen badugu, eta Urrezko Danborren zerrenda begiratzen badugu, jabetuko gara zein balioekin lotu dugun gure Donostia azkeneko hamarkadatan. Gizarte koesioa, inklusioa, aitzindaritza, artea, kultura, kirola, gizarte konpromisoa, enpresa mundua, komunikazioa… Gaur hemen sarituko dugun pertsonak, baina, horietako balio bat baino gehiago ordezkatzen du".
"
Lehenik eta behin, kultura dago. Isabelek arte eszenikoa aukeratu du, dantza, adierazteko bitarteko gisa, baina baita jende askori aukera bat emateko formula gisa ere. Bigarrenik, konpromiso soziala. Integrazioa, inklusioa, kohesioa edo aukera-berdintasuna bezalako hitzak motz geratzen dira Isabelek eta bere akademiak egunez egun egiten dutena azaltzeko orduan ", adierazi du alkateak.
"Duela 160 urte hiriko harresiak eraitsi ziren. Uste dut zuk, Isabel, Donostia inguratzen zutenak baino are garaiagoak, trinkoagoak eta sendoagoak diren beste harresi batzuk eraistea lortu duzula zure lanarekin, denok ditugun eta pertsona gisa mugatzen gaituzten horma mentalak, esaterako. Horregatik, Udalaren izenean, hiri osoaren izenean, eskerrak eman nahi dizkizut”, gaineratu du.
Dantzaren bidezko inklusioa
Isabel Verdini aitzindaria izan da mundu guztiak lekua duen espazioak sortzen.
Verdini Dantza Taldea Dantza Garaikideko Konpainia bat da, Verdini proiektuaren barruan sortua, bere sortzaileak bere iloba Haizea, Down Sindromea duen neskato batenganako sentitzen duen maitasun sakonaren emaitza.
Bere lanbidetik ilobaren bizitzari bere aletxoa jarri nahi izatea eta dantza afektutik eta sentsibilitatetik komunikatzeko eta elkarri eragiteko aukera ematen duen hizkuntza artistiko gisa ikustea dira proiektu honen abiapuntua.
Hauxe da Verdini Dantza Taldearen xedea:
1. Aniztasuna ikusaraztea eta balioan jartzea.
2. Dibertsitate funtzionala duten pertsonen eta horiek gizartean duten misioaren aitorpen sozial bidezkoagoa lortzen laguntzea.
3. Gizarte bidezkoago baterantz begirada sentikor eta eraldatzaile berri bat eragitea.
4. Estetika berri bat sortzea, aukera berriak ahalbidetuz.
5. Beldurrak eta aurreiritziak aukera berri bihurtzea.
6. Arte-espazio anitza eta unibertsala aldarrikatzea.
2024/01/20-an argitaratua