Programa zabala Konstituzio Plazaren 200 urteak ospatzeko

Plazaren historia ezagutzeko erakusketa bat ikusgai izango da

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Konstituzio Plazak aurten 200 urte betetzen dituela eta, Donostiako Udalak ospakizun egitarau zabal bat antolatu du ekainaren 22, 23, 24 eta 25erako.

Igandera arte Konstituzio plazan urte guzti hauetako historia kontatzen duen erakusketa ikusi ahal izango da. Ia bi metrotako paneletan sutearen ondoren hiria nola berritu, birmoldatu eta zabaldu zen ikusi ahal izango da.

Aurten, gainera, 70 urte dira Udaletxea Konstituzio plazatik Alderdi Ederrera mugitu zela. Hori dela eta, bihar, hilaren 23an, Udalak bere ateak irekiko ditu nahi duten herritar guztiek barrutik ezagutzeko aukera izan dezaten. 16:00etatik 20:00etara egongo da zabalik ostiralean, eta larunbata eta igandean goizeko 11:30etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 20:00etara. Gainera, bisita gidatuak antolatuko dira, euskaraz zein gaztelaniaz. Horretarako aurretik izena ematea beharrezkoa izango da.

Udaletxeko parte historikoak ezagutzeko aukeraz gain, 3-Dko errealitate birtualaren bidez, duela 200 urteko berritzea ikusi ahal izango dute bisitariek.

Ekainaren 23a San Juan bezpera izaki, urtero legez Konstituzio Plazan San Juan bezperako Alkatea eta Udalbatzaren dantza ikusi ahal izango da, ilunabarreko 19:00etan eta, ondoren, San Juan sua piztuko da.

Ekainaren 24an, berriz, gaueko 22:00etan, Donostiako Orfeoiak Konstituzio Plazan doako kontzertua eskainiko du, sortzaile donostiarren edota hirian oso errotuta dauden kantu sorta emanez, baita sorpresaren bat edo beste ere. Lekuak mugatuak izango dira.

Ekainaren 25ean, igandean, Donostiako Txistularien bandak emanaldia eskainiko du eguerdian plazan bertan. Kontzertua amaitu ondoren, Donostiako dantzari taldeetako haurren ordezkaritzak Haurren esku dantza egingo dute. Hori baino lehen, igandero legez, txistulariek Diana eta Argi Soinua eskainiko dute erdiguneko kaleetan, San Juan zortziko zaharra joz.

2017/06/22-an argitaratua