Udalak bat egin du Realari laguntzeko kanpainekin Koparen finala dela eta

Udalak hainbat ekimen jarri ditu abian Sevillan apirilaren 3an jokatuko den partiduaren aurretik

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako Udalak hainbat ekimen jarri ditu abian Realeko gizonezkoen taldeari laguntzeko, apirilaren 3an, Sevillan, talde txuri-urdinak eta Athletic Club taldeak jokatuko duten Kopako finala dela eta.

Ekintza horien hasiera gisa, Eneko Goia alkateak, udal taldeetako bozeramaileekin batera, Jokin Aperribay Realeko presidenteari eman dio hiriaren bandera, eta honek klubarena eman dio alkateari.

Klubak astean zehar Gipuzkoako hainbat udalerritan banderak jaso ditu eta Donostiakoa izan da azkena. Bandera hauek guztiak Sevillara joango dira, finalean taldeari lagundu ezin dioten zale guztien izenean.

Erreala Olé!


Donostiar herritarren laguntzaren beste erakusgarri bat bezala, Udalak kanpaina bat jarri du abian “Erreala Olé!” lelopean. Hitz-joko horrekin, umorea eta topiko batzuk erabiliz, Udalak keinu bat egin nahi dio zaleen kantu ezagun bati, bai eta partidua jokatuko den lekuari ere.

Kanpaina honen bidez, Udalak zaleen eskura jarri ditu hainbat “sticker”, sare sozialetan eta plataforma digitaletan erabiltzeko. Elementu grafiko horiek eskuragarri egongo dira donostia.eus/errealaole estekaren bidez edo #errealaole, #donostia edo #realsociedad bezalako gako-hitzekin bilaketa eginez plataformetan.


Argi txuri-urdinak


Gainera, astean zehar, udaletxearen fatxadak argiztapen berezi bat izango du, txuri-urdina, ilunabarrean nabarituko da, hiriak bere taldeari ematen dion babesaren sinbolo gisa.

2021/03/26-an argitaratua