Maiatzean, langabezia 8.000 langaberen mugatik jaitsi da Donostian

Datuek erakusten dutenez, hilabete arteko beherakada % -2,5 izan da, eta urte artekoa, berriz, % -9,1; horrenbestez, 781 langabe gutxiago daude aurten 2017an baino

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Maiatzean 7.919 enplegu eskatzaile izan dira, eta, azken hamar urteetan lehen aldiz, langabezia 8.000 langaberen mugatik jaitsi da.

“Berri oso ona da”, esan du Ernesto Gasco alkateorde eta Sustapen Ekonomiko eta Enpleguko zinegotziak. “Tokiko ekonomia lehengoratuz doa, eta, horrekin batera, lan merkatua gorabidean da oraindik. Donostiako langabezia tasa % 9tik jaitsi da: maiatzean, % 8,9 izan da. Horrek joera positiboa markatu du, eta hori indartu eta azpimarratu behar dugu”.

Sexuen arabera bereizita, langabe gehienak emakumeak dira oraindik ere: emakumeen artean, % 9,7 dira langabeak (tasa hori apalagoa da Gipuzkoako tasa baino –% 11– eta autonomia erkidego osokoa baino –% 13,4–), eta gizonen artean, berriz, % 8,2 (% 7,5 Gipuzkoan eta % 9,6 EAEn).


Adin tarteen arabera, 45 urtetik gorakoen artean dago langabe gehien; maiatzean, guztira 4.417 izan dira (1.931 gizon eta 2.486 emakume).

Haien atzetik, langabe gehienak 30 eta 45 urte artekoak dira, guztira 2.436 (1.041 gizon eta 1.395 emakume).

Azkenik, 30 urtetik beherakoen artean 1.066 langabe daude, 554 gizon eta 512 emakume. Sektore honetan, gizon gehiago daude enplegu eskatzaileen artean emakumeak baino.

Datuak onak dira Gizarte Segurantzako afiliazioari dagokionez ere: maiatzean 347 afiliatu gehiago egon dira apirilean baino, guztira 114.909. Urte arteko hazkundea % 2,1ekoa da.

Bestalde, maiatzean 10.542 kontratu sinatu ziren, horietatik % 10 inguru mugagabeak. Kontratu gehiago egin zaizkie emakumeei gizonei baino. Kontratuen % 31 ostalaritzaren sektorean eta merkataritzaren sektorean egin dira (% 21 eta % 10, hurrenez hurren).

2018/06/22-an argitaratua