Udalak 3,4 milioi euro bideratuko ditu partaidetzazko aurrekontuetara 2024-2025 urteetan

Proposamenak biltzeko fasea martxoaren 20an hasiko da

Inprimatu
Whatsapp ikonoa



Donostiako Udalak Partaidetzazko Aurrekontuen prozesua abiarazi du, 2024-2025 urteetarako. Zehazki, 3 milioi euro bideratuko dira —1,5 milioi ekitaldi bakoitzean—, gehi Ekialdeko Barrutiak 2024 urtean bideratuko dituen 363.968 euroak (2025eko kopurua urte horretako Udal aurrekontuak onartzen direnean zehaztuko da).

Auzoetako eta Herritarren Partaidetzako zinegotzi María Jesús Idoetak nabarmendu duenez, “prozesuari esker, herritarrek aurrekontuei buruzko erabakietan zuzenean eta modu aktiboan parte hartu dezake: proiektuak proposatu eta bultzatu ditzakete nola auzoari begira hala hiriari begira”.

Hartara, hurrengo asteotan (martxoaren 20tik 31ra bitarte), Udalak herritarren proposamenak bilduko ditu. Ondoren, auzoetarako edo hirirako egiten diren proposamenak ikuspegi teknikotik aztertuko dira: guztiei erantzungo zaie, eta herritarrek botoa eman ahalko diete irizpideak betetzen dituzten eta teknikoki bideragarriak diren proposamenei. Era horretan, 2024 eta 2025erako aurrekontu proposamenen definizioan eragina izango dute.

Partaidetzazko aurrekontuen prozesuari esker, herritarrek hiriaren eta auzoen beharrei buruz gogoeta egin ahalko dute, eta askotariko hobekuntzak proposatu. Hala, herritarren partaidetzako ariketa horrek gobernuaren ordezkaritza lana osatuko du, Donostiako politikak eta proiektu publikoak eraikitzeari dagokionez.


Prozesuaren faseak


  • Herritarren proposamenak (martxoaren 20tik 31ra bitarte)
  • Proposamenak aztertzea (apiriletik urrira bitarte)
  • Proposamenak argitaratzea (urriaren 9an)
  • Proposamenei botoak ematea (urriaren 16tik 29ra bitarte)
  • Emaitzen berri ematea eta jarraipena egitea (urriaren 30etik aurrera)

2021eko prozesua



2021ean garatu zen aurreko prozesuan, guztira 20 proposamen izan ziren 2022 eta 2023 urteetarako Partaidetzazko Aurrekontuen finalistak, horietako bi Ekialdeko Barrutirako. Hori guztia, bi asteetan zehar bozkatu ziren 93 proposamenen artean lehentasunezko proposamenak aukeratu zituzten 3.723 herritarren botoei esker.

2023/03/15-an argitaratua