Tokiko Gobernu Batzarrak onartu dituen gaiak

Gizarte laguntza zerbitzua, Aparthotel lizentzia, Dirulaguntzak

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Gizarte laguntza zerbitzua


Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du Arrats Elkarteari esleitzea Altza-Larratxo, Loiolako Erriberak, Intxaurrondo eta Bidebieta auzoetako gizarte zerbitzuetako zentroetan gizarte bazterketako egoeran dauden pertsona eta familiekiko gizarte laguntzako zerbitzuaren kontratua.

Aurrekontua 193.000 eurokoa da (BEZik gabe), eta gauzatzeko epea 2 urtekoa da, eta berariaz luzatu ahal izango da. Luzapenaren gehieneko iraupena urtebeteko luzapen batekoa da.

Aparthotel lizentzia


Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du Urumea Rooms SL-ri esleitzea Martuteneko 27 poligonoan (Sarrueta pasealekua, 88) aparthotel bat eraikitzeko lizentzia, bi urteko egikaritze epearekin.

Aparthotel honek 73 apartamentu izango ditu. Eraikinak sotoko bi solairu, beheko solairua, hiru pisu eta atikoa izango ditu. Horietan, eremu komunak eta zerbitzukoak egongo dira, eta beheko solairuan terraza publikoa eta apartamentuen terrazak. Gainera, solairu horretan zamalanetarako gunea eta bizikletentzako aparkalekua egongo dira. Eraikinak aparkaleku propioa ere izango du sotoaren solairuetan.

Eraikuntza babes zorpeko eremutik kanpo egingo da, eta eremu horretan aurreikusitako jarduketa Urumearantz berdegune bat egokitzea da. Jarduera horrek, gainera, berdeguneetarako eta espazio libreetarako 293 m²-ko lagapena aurreikusten du, ezarritako gutxienekoa (80 m²) baino handiagoa.

Dirulaguntzak


Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du ondoren zerrendatzen diren euskaltegietako langabetuentzako euskara ikastaroak diruz laguntzea eta euskaltegi bakoitzari dagokion dirulaguntza emakida hau onestea:

• HITZEZ EUSKALTEGIA: 3.800 € (Talde 1 = 10 ikasle)
• LEGAZPI-6 EUSKALTEGIA: 3.800 € (Talde 1 = 9 ikasle)
• URUMEA EUSKALTEGIA: 7.600 € ( 2 talde = 8 / 11 ikasle)

Onartu da, halaber, Giza Eskubideen aldeko jarduerak egiten dituzten 19 elkarteri dirulaguntzak ematea (29.855 € guztira), bai eta Memoria Historikoaren esparruan jarduerak garatzen dituzten 6 elkarteri dirulaguntzak ematea ere (10.385 € guztira).

2023/07/26-an argitaratua