Donostiak bat egin du Arrazakeriaren Kontrako Nazioarteko Egunarekin

Duñike Agirrezabalaga zinegotziak integrazioaren eta kulturartekotasunaren alde egiteko antolatu diren jardueren berri eman du

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Nazio Batuen Biltzar Nagusiak Arraza Diskriminazioa Ezabatzeko Nazioarteko Egun izendatu zuen martxoaren 21a, 1960an Hegoafrikako Sharpeville udalerrian gertatu zen sarraskiaren oroipenean. Orduko hartan, hain zuzen, polizia tiroka hasi zitzaien apartheidaren aurkako manifestariei, eta 69 lagun hil zituen guztira, denak ere arraza beltzekoak.

Duñike Agirrezabalaga zinegotziaren hitzetan, “arraza eta etniagatiko diskriminazioa ohiko fenomenoa da zoritxarrez, eta mundu guztiko milioika pertsonari aurrera egitea oztopatzen die. Arrazakeria eta intolerantzia oso presente daude gure bizitzan, eta era guztietara gainera; kasurako, askori pertsonen oinarrizko berdintasun printzipioak ukatzen zaizkie, eta gorroto etnikoa ere sustatzen da, zeinak genozidioari bide eman diezaiokeen. Horregatik, administrazioek nahitaez ezabatu behar dute diskriminazioa eremu publiko eta pribatutik, eta, horretarako, neurri bereziak hartu behar dituzte arrazakeria eragiten edo iraunarazten duten egoerak desagerrarazteko”.

Kultur Aniztasuneko Zinegotzigoak urtero hainbat jarduera antolatzen ditu beste eragile eta erakunde batzuekin batera, diskriminazioaren kontrako borrokarekin bat egiteko. Aurten, martxoaren 19tik 25era bitartean izango dira jarduerok: proiekzioak, Giza Liburutegiaren saio berezi bat, solasaldiak… Igandean, gainera, ibilaldi bat egingo da 12:30ean hasita, Gipuzkoa plazatik abiatu eta erdiguneko kaleetan barrena, “Ez gara neskameak, langileak baizik” lelopean.

Arrazakeria ezabatzearen aldeko eguna dela eta, Duñike Agirrezabalaga zinegotziak azaldu du bere sailak ez duela ahazten milaka ijitok egunero gainditu behar izaten duten egoera zaila: “aurreiritziz, mesfidantzaz eta bazterkeriaz betetako bide bati aurre egin behar diote, gainerako guztion leku beretik hasi ahal izateko soilik”. Hori dela eta, Donostiako Udalak bat egin du Ijitoen Idazkaritza Fundazioak hasi duen “Partir de cero” (Hutsetik abiatu) sentsibilizazio kanpainarekin.
Kanpaina horrekin, ijitoek jasaten dituzten desberdinkerien inguruko kontzientzia zabaldu nahi dute animaziozko film labur hunkigarri baten bidez. Bideoa gaur aurkeztu dute Donostian; ikustaldi negatiboen kontagailu batekin hasten da (750.000, hau da, Espainian bizi diren ijitoen kopurua), hutsera iristeko, eta www.partirdecero.org webgunean ikus daiteke.

2018/03/21-an argitaratua