Haur eta gazteei zuzendutako 3 film Donostiako Giza Eskubideen 18. Zinemaldian

Aurten, ikastetxean bertan ikusi ahal izango dira gida didaktikoez osatzen diren filmak

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Terra Willy, Asto Erregea eta Vitoria, 3 de marzo dira Donostiako Giza Eskubideen 18. Zinemaldian ikastetxeei eskainiko zaizkien filmak. Aurten, COVID-19ak sortutako egoera dela-eta, saioak ez dira presentzialak izango: ikasleek geletan ikusi ahal izango dituzte online moduan. Eskaintza doakoa da eta formulario honen bidez eman dezakete ikastetxeek izena martxoaren 26ra arte.

Urtero bezala, Giza Eskubideen Zinemaldiak filmak lantzeko gida didaktikoak prestatu ditu. Proiekzioak ikusi aurretik eta ondoren haur eta gazteak giza eskubideen inguruan sentsibilizatzea eta kontzientziatzea da helburua.

Elkartasuna, ingurumenarekiko errespetua, parte-hartze soziala, demokrazia eta Gasteizen 1976ko martxoaren 3an izandako karga polizial baten ondorioz bost langileren heriotza izango dira filmen gai nagusiak.

Zinemaldia Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Sailak eta Donostia Kulturak antolatzen dute.

Honako hauek dira filmen ezaugarriak:


Terra Willy (90 min.) Euskaraz
Adina: 6-9 urte
Sinopsia: Willy bere gurasoekin misio espazial batean bidaiatzen ari denean, bera doan espazio-ontziaren hegala suntsitzen da. Bat-batean bere aita eta amarengandik urrutiratzen da eta bere kapsula esploratu gabeko planeta basati batean lurreratzen da. Buck biziraupen-robotaren laguntzarekin, Willy bere burua babesten saiatzen da, norbaitek erreskatatu zain. Willy-k eta Buck-ek, Flash izena duen lagun estralurtar berri batekin batera, arrisku anitzei aurre egin behar diete, planetaren flora eta fauna ezagutzen duten bitartean.

Gida didaktikoa






Asto Erregea (99 min.) Euskaraz
Adina: 9-12 urte
Sinopsia: Lehoi Erregeak, oihaneko erregeak, erretiroa hartzea erabaki du eta bere ondorengoari sinesgarritasuna emateko, bere kontseilaria den Miss Finak eta berak hauteskundeetarako deia egitea erabaki dute. Manguk, garbitzailea den asto zoriontsu eta umil batek, ustekabean hautagai popularra izaten amaituko du. Lehoi erregearen “legezko” oinordekoari aurre egin beharko dio, bere hautagaitza Miss Finaren plan makabro baten barnean dagoela jakin gabe. Tronuaren kontrolpea izateko, Miss Finaren helburua hautagai berria bere agindupean egotea izango da. Horretarako, Lehoi Erregea tronutik kentzen eta bere semearen oinordekotza galarazten saiatuko da.

Gida didaktikoa



Vitoria, 3 de marzo (90 min.) Gaztelaniaz
Adina: 13 urtetik gora
Sinopsia: Hainbat hilabetez lan baldintza duinak eskatzeko greban egon ostean, langileriak lanuzte orokorrera deitu du Gasteizen. 1976ko martxoaren 3an, Zaramaga langile auzoko eliza batean milaka langile batzartuko dira. Kanpoaldean pertsona ugari bilduko dira eta haien aurrean polizia armatuko ehun bat agente kokatuko dira. Poliziaren esku, bost langile hilko dira eta ehundik gora zauritu. Begoñak, klase ertaineko neska gazte batek, lehen pertsonan biziko ditu gertakari hunkigarri horiek. Filma arrakastatsua izan da zinemaldi ezberdinetan, besteak beste, Puglia International Film Festival jaialdian.

Gida didaktikoa


Formulario

Informazio gehiago: 943 48 19 75 / zinema_gizaeskubideak@donostia.eus

2021/03/01-an argitaratua