Inauteriek Donostiako kaleak alaituko dituzte berriro

Osasun egoerara egokitutako programa batekin

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Inauterietako karteleko aurkezpena


Donostiako Udalak, Donostia Festaken bitartez, Inauterien ospakizuna berreskuratuko du hirian, gaur egungo osasun egoerari egokitutako programazio zabal batekin.

Jon Insausti Kultura zinegotziak gogorarazi duenez, "Udalaren eta Donostia Festaken bokazioa beti izan da donostiarrek gozatzen dituzten eta hiria egiten duten jarduera guztiei eusteko lan egitea, betiere indarrean dauden osasun neurriak zorrotz errespetatuz”. Insaustik gaineratu duenez, “iaz Inauteriak ospatzeko baldintzak egokiak ez ziren arren, aurten Donostiako auzo guztietako ehunka pertsonak parte hartzen duten jai hau berreskuratu dezakegu”.

Inauterietako desfilea


Inauterietako desfilea da, zalantzarik gabe, urtez urte arreta gehien erakartzen duen ekitaldietako bat. Aurtengo berrikuntza gisa eta segurtasun baldintza onenei eusteko, bi ibilbidetan banatuko da, otsailaren 26an eta 27an, 17:01etan, Erdialdean eta Grosen. Horrela, konpartsa bakoitzak konpartsen, parte hartzaileen eta ikusleen arteko distantzia mantentzeko leku nahikoa izatea bermatzen da.
  • Erdialdean egingo den ibilbidea zirkuitu itxian egingo da, eta desfilea hasten denetik bi ordu igaro ondoren edo konpartsa guztiek Boulevard zumardia zeharkatu ondoren amaituko da.
  • Gros auzoan, bestalde, desfile lineala egingo da eta 18:45ak aldera amaituko da.

Konpartsen aurkezpena datorren ostiralean, hilak 25, 21:00etan, egingo da Illunben, eta sarrerak salgai egongo dira 2 €-ko prezioan Victoria Eugenia Antzokiko leihatilan astelehenetik aurrera. Aurkezpenaren egunean bertan ere erosi ahal izango dira pabiloian bertan, 19:15etik aurrera, edukiera bete arte.

Programa zabala


Donostiako Inauterien ospakizuna desfilea baino askoz haratago doa, eta, beraz, aurten ospakizun hau osatzen duten ekitaldi guztiak berreskuratu dira, hala nola Momo Jainkoarekin lotutako ekitaldiak, euskal inauteri tradizionalak, Goiztiriak, dantza ikuskizunak, mozorro lehiaketak, Inauterietako Antzinako Konpartsak, Inauterietako Diana edo Sardinaren Ehorzketa, besteak beste.

Inauteriak auzoetan


Inauteriak hiriko auzoetan ere izango du protagonismoa, Añorgan, Egian, Grosen, Altzan, Antiguan, Intxaurrondon, Bidebietan, Loiolako Erriberan, Amaran, Martutenen edo Aieten desfileak eta jarduerak eginez.

2022/02/18-an argitaratua