Cristina Enea Fundazioak 10 urte beteko ditu aurten

‘10 urte, 10 opari’ kanpaina abian jarriko du Cristina Enea Fundazioak

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Azken 10 urteotan ia 370.000 lagunek hartu dute parte Cristina Enea Fundazioak antolatutako jarduera eta ekimenetan. Hamargarren urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi ospatuko direla azaldu du fundazioko zuzendari Txema Hernandezek. Donostiako Alkate eta fundazioko presidente Eneko Goiak nabarmendu du Cristina Enea “hiriak duen altxor bat dela” eta ingurumenaren zaintza eta sentsibilizazioari egiten dion “ekarpen itzela” azpimarratu du.

2009ko abenduren 14an ekin zion ofizialki bere bideari Cristina Enea Fundazioak, hilabete batzuk lehenago ere zenbait ekimen eta jarduera abian jarri baziren ere Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxetik. Data hori gogoan, abenduaren 14a alegia, 2019 urte osoan zehar hainbat eta hainbat jarduera berezi antolatuko ditu Cristina Enea Fundazioak bere ohiko programaziotik haratago, urtemuga borobil hori dagokion bezala ospatzeko, ospakizunei amaiera abenduaren 14an emango zaielarik.

Hamargarren urteurrena, data mugarria Cristina Enea Fundazioarentzat


Cristina Enea Fundazioa sortu zenetik hamar urte igarota, Eneko Goiaren eta Txema Hernandezen ustetan une egokia da begirada atzera bota, eginikoa aztertu eta etorkizuneko norabidea zehazteko. Txema Hernandezek esan du “hamargarren urteurrena aitzakia bat izango da orain arte gurekin egon direnei eskerrak emateko. Horregatik, gure eguneroko lana eta betebeharrak alde batera utzi gabe, lau kolektibo zehatzekin ospatu nahi dugu urtemuga hau: ikastetxeekin, orain arte izan ditugun kolaboratzaileekin, instituzio eta erakundeetako ordezkariekin, eta publiko orokorrarekin”.
  • Ikastetxeetako publikoa izan da, hain zuzen ere, 10 urte hauetan fundazioaren lehentasunetako bat. Horrexegatik zehazten dira urtero ikasleei eskainitako Hezkuntza Eskaintza desberdinak, gizartean ingurumenarekiko adeitsuago eta jasangarriagoa den eredu baterantz eraldaketa lortu nahi badugu gazteenak direlako landu beharreko esparru garrantzitsuenetakoa, beraiek direlako etorkizunean erabakiak hartuko dituztenak, eta beraien esku utziko dugulako gure planeta. Horrexegatik, udaberriko oporralditik itzultzean, Hezkuntza Eskaintzako jarduerak egitera Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxera datozen taldeei opari berezia egingo zaie: parkea izanik fundazioaren eremu eta ezaugarri ikusgarrienetakoa, parkearen beraren zati bat ikasgeletara eramateko aukera eskainiko diegu. Horretarako parkeko ikurretako bat den Gingko biloba zuhaitzaren zuhaixka bana oparituko zaio parte hartzen duten ikastetxe bakoitzari, gingkoak parkearen historian izan duen garrantzia eta papera azaltzeko ipuin bat antzeztuz, eta zuhixka gelakide guztien artean ondo zaintzeko jarraibideekin.
  • Azken 10 urteetan fundazioarekin modu batean edo bestean kolaboratu duten elkarte eta eragileekin festa bat izango da ekainaren 21ean Cristina Eneako parkean. Helburua da denon artean ondo pasatzea, musikaren laguntzarekin, denon arteko loturak, harremanak eta bizitako esperientziak gogoratzen ditugun bitartean. Musika talde batek zuzenean eskainitako emanaldiak lagunduta, giro atseginean ospatuko dugu kolaboratzaileekin urtemuga.
  • Fundazioaren ibilbidean zehar udalean izan diren ordezkariekin eta patronatoan izan diren kideekin festa instituzionala egingo da abenduaren 14an, Cristina Enea Fundazioaren sorrera zehazten duen egun berean alegia. Ekintza protokolarioa eta instituzionala izango da, baina ez da ezusterako tarterik faltako.
  • Azkenik, herritar guztiei ere, publiko orokorrari, opari bat egingo dio Cristina Enea Fundazioak, eta irailean bisita teatralizatuak izango dira parkean zehar, bere historiaren xehetasunak azaltzeko, espreski okasio honetarako landuko den gidoi bereziarekin. Emanaldiak irekiak eta doakoak izango dira, aurrerago zehaztuko diren data eta orduetan.

Erlazionatutako dokumentuak

2019/03/15-an argitaratua