Eneko Goia, Donostiako alkate izendatua

Segidako zinegotziek osatu dute Udalbatza berria: EAJ / PNVko 9 zinegotzik, EH Bilduko 8k, PSE-EEko 5ek, Alderdi Popularreko 3k eta Elkarrekin Podemoseko 2k

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Eneko Goia Donostiako alkate izendatua izan da, behin maiatzaren 28ko udal hauteskundeen ondorioz sortutako Udalbatza berria osatuta egindako bozketan. Alkate izendatu eta lehen hitzetan, Goiak adierazi du donostiar guztien alkate izatea dela bere borondate eta ahalegin nagusia, “beti hiriaren interesaren alde lan egitea, entzunez, azalduz, proposatuz eta adostuz”.

Goizeko lehen ordutik zinegotzi hautetsiak Udaletxera iristen joan dira, eta behin argazki ofizialak eginda, udalbatza aretora sartu dira kargua hartzera eta hiriko alkatea aukeratzera.

Udalbatza aretoa beteta zegoela hasi da bilkura 10:30ean. Bertan, bilkura jarraitu dute zinegotzien hainbat senidek, lagunek, alderdikidek, erakunde ordezkariek eta bertaratzea eskatu zuten hainbat hiritarrek.

Adin gehien dituen zinegotzi Jorge Motak (PP) eta Izar Hernando zinegotzi gazteenak (EH Bildu) osatu dute adin mahaia udal idazkari Juan Carlos Etxezarretarekin batera. Banan bana deitu dituzte udalbatza berria osatzen duten 27 zinegotziak. Hauek kargua hartu dute eta Udalbatza aretoan euren lekuetan eseri dira lehenengo aldiz.

Behin Udalbatza osatuta alkatea aukeratzeko unea iritsi da. Hautagaitzak aurkeztu eta taldeen iritziak entzun ondoren, bozketa egin da, eta, ondoren, Eneko Goia EAJ-PNVko hautagaia Donostiako alkate izendatu dute, hauteskundeetan boto gehien lortu dituen zerrendako hautagaia baita.

Alkatearen jarraipena izanda, Udalbatzako zinegotzi gazteenak, Izar Hernandok (EH Bildu), eman dio aginte makila Goiari, hain zuzen ere, hurrengo lau urteetan hiriko alkate izango denari.

Eneko Goia: "Nere konpromisoa donostiarrak dira, eta zinez saiatuko naiz lan gogor eginaz konfidantza hori donostiarrei itzultzen"


Eneko Goia Donostiako alkatea pozik agertu da berriro hautatua izan delako, eta nabarmendu duenez, "urte garrantzitsuak ditugu aurretik, erronka handiz beteak. Gure helburua da Donostia bizitzeko, elkarbizitzeko, lan egiteko eta gozatzeko Europako hiririk onena izatea”.


Era berean, Donostiako alkateak azpimarratu duenez, "aldatzen ari den eta ziurgabetasun egoera etengabean bizi den mundu honetan hiri gisa erronka garrantzitsuei aurre egiten diegu, guztion artean Donostia gero eta hobea egiteko gai izan behar dugu. Hori da nire konpromisoa, eta ziur nago hemen gauden guztiona ere badela".

Era berean, Eneko Goiak nabarmendu du gure hiriak oinarri sendoak dituela erronka horiei aurre egiteko. “Pertsonak, donostiarrak, dira erdigunean egon behar dutenak. Guztion artean lortu behar dugu bizi proiektu bat eraikitzeko aukera ematen duen hiria izatea”, azpimarratu du.

Hala, Goiak adierazi duenez, "gaur hasiko den legealdia hiria eraldatzeko legealdia izango da”, eta gaineratu du guztiok garela “garrantzitsuak etorkizuneko Donostia eraikitzeko. Donostiar adina Donostia daude, eta nire nahia eta ahalegina da guztion alkate izatea, beti hiriaren interesean lan egitea, entzuten, azaltzen, proposatzen eta adosten”.

Zentzu honetan, alkateak eskua luzatu die udal talde guztiei, “guztion lana delako behar dena. Nire nahia eta asmoa ahalik eta adostasun handienak eta zabalenak lortzea izango da. Hirirako ona delako”.

Amaitzeko, Goiak donostiar gisa harro dagoela adierazi du; “niretzat alkate izatea, lehenik eta behin, erantzukizun handia delako. Erantzukizuna eta, aldi berean, donostiar gisa, harrotasuna”.

2023/06/17-an argitaratua