Donostiak eta Biarritzek turismoa sustatzeko estrategia bateratu baten alde egin dute

Uztailaren 14tik abuztuaren 31ra bitarte, zuzeneko autobus batek bi hiriak elkartuko ditu 60 minututan, joan-etorria 10€-ko prezioan

Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Donostiako eta Biarritzeko Udalek hilabeteak daramatzate ezaugarri komun ugari dituzten bi hiri marka turistiko bakarraren pean elkartuko dituen sustapen turistikoko lankidetza eta estrategia komuna lantzen. Bisitari berrietara iristea eta elkarren arteko indarrak bateratzea du helburu egitasmoak.

Helburua bi hiriak epe luzera begira elkarrekin bultzatzea da, helburu diren nazioarteko publikoak zabalduta eta desestazionalizazioa sustatuta. Donostiako Turismo Jasangarriko zinegotziak, Cristina Lagék, adierazi du “6 hilabete daramatzagula proiektu honen inguruan lanean eta legealdiaren hasiera-hasieratik genuen ibilbide-orrian jasota. Donostia eta Biarritz prestigio handiko marka turistiko gisa bateratzea izan da asmoa, helburu komunarekin: Europako iparraldeko eta Asiako bisitariengana iristea eta gure turismogunez goi-denboralditik kanpo gozatzea. Bestalde, gertuko bisitariei batez besteko egonaldia luzatzea ahalbidetuko lukeen turismogune komuna eskaintzea du helburu. Horretarako, eskaintza anitzagoa jasotzen du, ahaidetutako bi hirien arteko kultura, gizarte eta ekonomia arloko truke eta mugimenduari balioa emanda”.


Egitasmoa Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak, Gipuzkoako Hotelen Elkarteak eta San Sebastián Shopsek babestu dute; gainera, Basquetour-en laguntza jaso du.


Zuzeneko autobusa

Uztailaren 14tik abuztuaren 31ra bitarte, zuzeneko autobus batek bi hiriak elkartuko ditu 60 minututan, joan-etorria 10€-ko prezioan. Tiketak Donostia Turismoako eta Biarritzeko turismo-bulegoetan edo webgunean erosi ahal izango dira. Gainera, bulegoetan bertan, bi hirietan egin ahal izateko planak proposatuko dituzte.


Marka turistikoa

“Donostia – Biarritz. Bi hiri, gune bakarra” marka turistikoak gastronomiari, surfari eta historiari dagokienez nazioartean erreferentzia diren bi hiriz gozatzeak bost zentzumenetarako eskaintzen duen esperientziari ematen dio balioa.

Erlazionatutako dokumentuak

2021/07/12-an argitaratua